Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Osakidetza jarduera asistentzialari berrekitekoa da. Pixkanaka hasiko da eginbehar horretan, eta koronabirusaren bilakaerak baldintzatuta. «Zuhurtziaz» jokatzen segituko dutela ziurtatu du. Hainbat esparrutan izango du eragina planak:
Kanpo kontsultak: atzeratutako kontsultak hartuko dira lehenbizi, lehentasunaren arabera; horien urgentzia aztertu ondoren, aurrez aurreko edo telefono bidezko kontsulta egin behar den erabakiko dute. Atzeratutako kontsulten ondoren, kontsulta arruntei ekingo diete.
Diagnostiko osagarriak: "Benetan beharrezkoak diren probak lehenetsiko dira, eta kontsultekin multzokatuko dira prozesua erabakigarriagoa izateko".
Ebakuntzak: ebakuntza kirurgiko baten edo prozedura inbaditzaile baten zain daudenei dagokienez, haien tratamenduaz arduratzen den mediku taldeak osasun egoera baloratuko die telefono bidez, urgentzia eta kalkulatutako epeak zehazteko.
Lehen mailako arreta: Osasun Sailak azaldu duenez, funtsezkoa izango da epidemiaren detekzio goiztiarrean eta kontrolean. Gainera, telefono bidezko arreta lehenesten jarraituko du Osakidetzak, eta osasun etxeetan aurrez aurreko arreta berriro ezartzen hasiko da pixkanaka.
Zenbait adibide: Gurutzetako ospitalean, hemezortzi ebakuntza gela irekiko dituzte. Horrez gain, 210 ohe dituzten sei ospitalizazio unitate ere prestatu dituzte COVID-19a ez duten gaixoentzat. Txagorritxuko ospitalean, lau ebakuntza gela irekiko dituzte hurrengo astetik aurrera, eta, «atzeratu ezin daitezkeen» jarduerez gain, «lehentasuna» daukaten ebakuntzak ere egingo dituzte. Santiago ospitalean, ebakuntza gela bat gehiago izango dute datorren astean, eta, psikiatriari dagokionez, Santiagora bueltatuko dira bai Basurtuko ospitalean zegoen haur eta gazteen psikiatria unitatea, bai Arabako Psikiatrikora eramandako nagusientzako psikiatria eremua. Basurtuko ospitaleak hamar ebakuntza gela irekitzea espero du, jarduera kirurgikoa areagotzeko asmotan. Arrasateko ospitalean (Gipuzkoa), datorren astean jarduera kirurgikoa ohiko ahalmenera iritsiko da –aste honetan %60koa izatea programatu da–. Azkenik, Barrualde Galdakao ESIan lehen arretari dagozkion neurriak hartzeaz gain, datorren astean zortzi ebakuntza gela jarriko dituzte, eta psikiatria itzuliko da.