URTE POLITIKOA

"Jarduera politikorako garai zailak" iragarri ditu Urkulluk

EAJko legebiltzarkideek urte politikoa abiatzeko bilera egin dute.

EAJren talde politikoa, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullurekin. EAJ
2018ko irailaren 14a
09:52
Entzun

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Eusko Legebiltzarreko EAJko hautetsiekin batzartu dira, urte politikoari buruzko irakurketa partekatzeko.

Bertan, Urkulluk ohartarazi du “jarduera politikorako garai zailak” izango direla datozen hilabeteak, eta “pazientzia demokratikoa” eskatu du: “Legealdiko bigarren zatian sartu gara. Ez da erosoa izango, maiatzean hauteskundeak izango direlako. Giroa aldrebestu egingo da, eta horrek zailtasunak ekarriko ditu”.

2016an legealdiari ekin zionetik, Urkulluk zuzendutako jaurlaritzak urtero atera ditu aurrera aurrekontuak, EAJ eta PSE-EE gobernuko bazkideen babesari eta PPri esker. Joan den ekainean, ordea, EAJk babestu egin zuen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiaren aurkako zentsura mozioa, eta ikusteke dago PPk zein jarrera hartuko duen EAJrekiko aurrekontuen eztabaidan. EAJk eta PSE-EEk 37 legebiltzarkide dauzkate, gehiengo absolutua izateko beharrezkoak direnak baino bat gutxiago.

Ortuzarrek helburutzat jarri du “alderdi politiko guztiekin eremu guztietan akordioak lortzea”; besteak beste, 2019ko aurrekontuetan. Ortuzarren hitzetan, egungo egoera politikoak “ez du lana erraztuko”, baina ez “aurrekontuak aurreko urteetakoak baino hobeak edo eskasagoak izateagatik”, oposizioko alderdiei eragiten dieten“legebiltzarraz haragoko kontuengatik” baizik.

Autogobernuaren alorrean ere “lanerako konpromisoa eta akordiorako borondatea” azaldu du Ortuzarrek: “Erronka hori hemendik zortzi hilabetera iritsiko da, aditu-taldeak testu artikulatua aurkezten duenean, Autogobernu Ponentzia osatzen duten alderdiek eskatu bezala”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.