Urtean 481 kilo hondakin sortzen ditu euskal herritar bakoitzak, 1,32 kilo egunean. Azken urteotan gutxitzen ari da kopuru hori, krisiaren ondorioak dezente nabaritu baitira. Hala ere, arazoa hor dago. Herritar bakoitzak urtean sortzen dituen 481 kilo horietatik 171 (%35,7 hain zuzen ere) birziklatu egiten dira, eta gainerakoak erraustera edo zabortegietara eramaten dituzte. Aurrera begira dauden asmoei erreparatuta, plan ezberdinak daude herrialde bakoitzean. Hala ere, oro har, denbora beharko da zabortegien atala betirako ixteko. Bakarrik Gipuzkoan dago epe labur batean birziklatze masibo batera iristeko eta zabortegi guztiak ixteko plangintza bat.
Nafarroa:
Zabortegiak eta errausketa
Gora-behera dezente eduki ditu Nafarroako hondakinen politikaren plangintzak azken urteotan. 2010ean onartu zuten Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusiak errauste planta bat egitea erabaki zuen herrialdearen erdialdean. 2012an, Roberto Jimenez Tokiko Administrazioko kontseilari ohiak adierazi zuen proiektua etetea erabaki zutela, "aukera merkeagoak" bilatze aldera. 2013an auzitegiek legez kanpokotzat jo zuten plan hori, Sustrai Erakuntzak eta Sakanako Mankomunitateak jarritako salaketa aintzat hartuta. Gobernuak helegitea jarri zion epaiari, eta orain helegite horri ematen zaion erantzuna falta da.
Edonola, Tafallaldean egin nahi zuten errauste planta hura baztertu eta gutxira jakin zen zaborrak erraustea dela oraindik ere gobernuaren ardatzetako bat, baina planta berri batean egin beharrean, Olaztiko Portland Valderribasen zementu fabrikan egingo lukete. Iaz eman zioten Ingurumen Baimen Bateratua FCCren enpresa horri hondakinak errausteko. Asmoa dute urtean 56.500 tona artean errausteko Sakanan. Horretarako, baina, instalazioak egokitu behar dituzte, eta hori egiteko obrak ez dira hasi oraindik.
Bitartean, zabortegiak dira herrialdearen zabor gehienaren hartzaile. Gobernuak emandako datuen arabera, %30 inguru birziklatzen da, eta gainerako ia guztia (%69,7) Gongora, Carcar eta Tuterako El Culebreteko zabortegietara eramaten dute. Tuteran eta Carcarren materia organikoa tratatzeko azpiegiturak dituzte, baina oraingoz gutxi da herrialdean bereizita jasotako organikoa. 2011n 11.312 tona besterik ez zuten jaso bereizita, guztiaren %4a. Hori Carcarreko konpost plantan eta El Culebreteko biometanizatze plantan tratatu zuten. Nahasita biltzen da zabor gehiena, eta horko zatirik handiena Gongorako zabortegiak jasotzen du, 108.444 tona, guztiaren %40 inguru. Zabortegi hau 2022an ixteko asmoa daukate. Carcar eta Tuterako zabortegiek ez daukate ixteko eperik. Bien artean 60.000 bat tona hartu zituzten 2012an. Nafarroan ere gutxitu da azken urteotan sortutako zabor kopurua, hain zuzen ere, 2007tik 2012ra 23.000 tona gutxiago. 2020rako zaborraren erdia birziklatzea da gobernuaren asmoa.
Gipuzkoa:
Zabortegi eta errauste plantarik gabe
Errauste plantaren proiektuaren eta hark sortutako gizarte erantzunaren ondorioz, hondakin politikaren inguruan zeresan eta ika-mika gehien eragin duen herrialdea da Gipuzkoa. Atez ateko hondakin bilketa herriz herri zabaltzen ari da eta 33 dira dagoeneko %70etik gora birziklatzen duten herriak.
Herrialdeko mankomunitate batzuetan jauzi handia egin dute denbora gutxian hondakinak gaika biltzeko lanean. Esate baterako, Sasietako Mankomunitateak hondakinen erdiak baino gehiago biltzen ditu gaika dagoeneko. Herrialdeko 40.000 lagun auzo-konposta egiten ari dira, eta horrek 7.000 tona inguru kentzen ditu kudeaketa publikoaren gurpiletik. Herrialdearen zenbaki potoloetan, baina, oraindik ez da nabari joera hori, populazio handiena duten hiri eta herrietan —Donostia, Errenteria, Eibar, Irun, Arrasate, Tolosa, Lasarte-Oria...— urruti baitaude birziklatze tasa horietatik.
Zubietako errauste plantaren proiektua baztertuta, zabortegiak ixtea da Gipuzkoaren aurrera begirako plana. 2014 eta 2015 bitartean itxiko lituzkete orain arte herrialdean sortutako zabor gehiena biltzen duten zabortegiak —Lapatx, Sasieta eta Urteta—. Haiek itxita, egoera berriari egokitutako azpiegiturak egin nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak: bi konpost planta —gaur egun martxan dagoen Lapatxekoarekin batera—, tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) planta bat eta biltegi bat materia geldoa pilatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da 2016rako hondakinen %60 gaika biltzea, eta, hala, datuen proiekzio bat eginda, 130.000 tona errefus sortuko lirateke herrialdean urte horretan. Errefus hori TMB plantan tratatuko litzateke airera doazen isurkin kutsagarriak —gasak— eta uretara zein lurrera doazen lixibiatuak ezabatzeko.
Hori eginda, 65.000 tona hondakin geldo irtengo litzateke materia bizigabeko biltegi batera eramateko. Orain arte bezala, Gipuzkoan zalantza bat dago oraindik airean: zer gertatuko da hauteskunde ondorengo egoera politikoa aldatzen bada, eta errauste plantaren alde agertu diren EAJ eta PSE-EE alderdiek hondakinen kudeaketa kontrolatzea lortuko balute?
Bizkaia:
TMB eta Zabalgarbi, kudeaketaren ardatz
Azpiegiturak berritzen eman ditu azken urteak Bizkaiak. Duela hamar urte jarri zuten martxan Zabalgarbiko errauste planta, eta, ordutik hona hura eta herrialdean zehar barreiatuak diren hainbat zabortegi izan dira zaborraren hartzaile nagusiak. 2012an hondakinen heren bat birziklatu zuten, heren bat zabortegietara eraman zuten, eta azken heren bat Zabalgarbin erraustu zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen datuen arabera %38 birziklatu zuten 2012an, baina datu horietan beste herrialdeetan aintzat hartzen ez duten datu bat sartuta dauka Bizkaiak, obra hondakinena. Obra hondakinak kudeaketa pribatukoak dira, ez publikokoak, eta horiek aintzat hartzeak zortzi puntutan handitzen dio birziklatze tasa Bizkaiari, 70.799 tona gehiago aintzat hartzen baititu.
Zabalgarbira eraman zituzten 222.589 tona zabor, baina errauste plantara eramaten den guztia ez da desagertzen: 43.000 tona geratu zen errauts ez arriskutsu moduan, eta beste 7.500 errauts arriskutsu moduan. Foru Aldundiaren datuen arabera, 20.000 tona inguru eraman zituzten zabortegietara Zabalgarbitik igaro ondoren.
Bizkaiako Hondakinen Planaren arabera, 2016tik aurrera ez da egongo tratamendurik gabe zabortegira isuriko den hondakin zatirik Bizkaian. Horretarako, martxan jarri dute TMB planta bat Arraiz mendian. 2013ko otsailean inauguratu zuten eta 180.000 tona jasotzeko ahalmena dauka. 2011ko martxoan ireki zuten ere Bilboko konpost planta, 30.000 tona organiko hartzeko ahalmenarekin. 2013ko abenduan itxi zuten Igorreko zabortegia, eta aurrerantzean Artigas eta Jatako zabortegiekin jarraituko du Bizkaiak. Artigaskoa 2019an itxi nahi dute, eta Jatakoak ez dauka ixteko datarik aurreikusita.
Izan ere, 2016an 25.000 tona —horren zati bat, 7.706 tona hain zuzen ere, errauts toxikoak lirateke— zabortegira eramateko asmoa du Bizkaiak. Urte horretan 287.000 tona birziklatzeko asmoa du, hondakinen %47a. Kontuan hartu behar da, baina, birziklatutako zati horretan Zabalgarbin erraustutako 45.000 tona jasota daudela, energia balioztatze gisa aitortua. 2013ko datuak eman zituenean, adibidez, BFAk adierazi zuen Bizkaian hondakinen erdia birziklatu egin dituztela, baina hor Zabalgarbin erraustutako 36.519 tona jo zituzten birziklatutako zatitzat.
Horrez gain, 180.000 tona TMB plantan tratatuko lituzkete, eta hortik aterako litzatekeen zati handiena Zabalgarbin erraustuko lukete gero. Herrialdean 20.000 tona konpost egingo lukete 2016an, BFAren hondakinen planaren arabera. Dagoeneko hainbat hiri eta herritan hasi dira materia organikoa biltzen bosgarren edukiontzian. Bilbon 2015ean jartzeko asmoa daukate organikoa biltzeko edukiontzia.
Araba:
Gaika bildutakoa baino gehiago birziklatzen du
Gaika jatorriz bereiztea da hondakinak birziklatzeko gakoa. Alde horretatik, errekor triste bat dauka Arabak: gaika bereizita hondakin gutxien biltzen duen Euskal Herriko herrialdea da. Hondakinen %26 jaso zuten gaika 2012an Araban. Geroko tratamenduak aukera eman zion jatorrian herritarrek egin gabe utzitako lan hori pitin bat zuzentzeko.
Hala, hondakinen %32,33 birziklatu zituzten, alegia, gaika bildutakoa baino ia zortzi mila tona gehiago. Horretarako giltzarria da Jundizko Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta. 2007an jarri zen martxan eta 60.000 tona zabor inguru tratatzen ditu urtean. Hortik zati bat, hondakin organikoz osatuta, biometanizazio plantara doa, eta biogas bidezko energia elektrikoa sortzen dute. Esate baterako, 2012an ia 7.000 tona tratatu zituzten biometanizazio bidez.
Edonola ere, arabarren hondakin gehien jasotzen dituen azpiegitura Gardelegiko zabortegia da. Hondakin guztien %62,33 zabortegi horretara eramaten dituzte. 1975an jarri zuten martxan, eta gutxienez 2030era arte ez dauka ixteko eperik.
Gasteizko auzo batzuetan aspalditik dute bost edukiontzietako bilketa sistema, eta iaztik auzo guztietara zabaldu zuten organikoa biltzeko edukiontzi marroia. Horrez gain, materia organikoa jasotzeko sistema pneumatikoa ere badago Gasteizko parte zaharrean eta Salburua eta Zabalgana auzoetan ere. Sistema pneumatiko hori organikoa eta errefusa biltzeko erabiltzen dute, eta papera, beira eta ontzi arinak edukiontzietan. Edonola ere, organiko gutxi biltzen dute. 2012an 282 tona besterik ez zituzten jaso Araban, hondakin guztien %0,2a.
Ipar Euskal Herria:
Bertan zabortegia, kanpoan errausketa
Ipar Euskal Herriko hiri hondakinen kudeaketa Bil ta Garbi eta Bizi Garbiaren esku dago. Haiek batzen dituzte Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko herriak ez ezik, Biarnoko zenbait herri ere. Bizkaiko kasuan bezala, obra hondakinak ere aintzat hartzen ditu Bil ta Garbiren kudeaketaren txostenak, eta horrek handitzen ditu bai gaika bildutako hondakinen kopurua (%41), eta baita pertsonako sortutako hondakinen kopurua ere (587 kilo urtean).
Hain zuzen, pertsonako zabor gehien sortzen den eremua da Iparraldea, 1,6 kilo pertsona eta eguneko. Araban gertatzen denaren kontrakoa jazotzen da han. Jatorriz bereizitako hondakinak gehiago dira prozesuaren amaieran birziklatutakoak baino. Obra hondakinak kenduta, 55.049 tona jaso zituzten gaika bereizita (%37) eta 44.569 tona (%28) bakarrik berreskuratu zituzten, birziklatuta edo konpost bidez.
Hiri hondakin gehienak erraustu egin zituzten, hondakinen %43. Errausketa hori, ordea, Euskal Herritik 200 bat kilometrora egiten da, Lapouyaden (Gironde, Frantzia).
Gainerakoa, 44.879 tona (%28), Lapurdiko bi zabortegitan pilatu zuten: Zaluaga Bi (Senpere) eta Hazketan (Hazparne). Baionako Bacheforesko errauste planta itxi zutenetik, 2006an, azpiegiturak berritzeari ekin zion Bil ta Garbi sindikatuak. Baionan eraikitzen ari diren Canopiako hondakinak kudeatzeko unitatea 2015ean jarriko dute martxan. 124.000 tona hondakin hartzeko ahalmena izango du, eta zenbait zentro jasoko ditu bere barnean: TMB planta bat eta biometanizazio planta bat, nagusiki. Zuberoan, berriz, Sarrikotapean, zabortegi bat ari dira egiten, 20.000 tonako ahalmenarekin, eta hori ere hurrengo urtean zabaldu nahi dute. Berez, Ipar Euskal Herria da jatorriz bereizitako hondar organikoarekin konpost gehien egiten dituen eremua, 20.000 tonatik gora biltzen baitituzte.