euskal presoak

Jardun politikoagatik espetxeratuak askatzeko eskatu dute presoen senideek Iruñean

PPren egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea 29 preso nafarren senideek. Behin-behineko atxiloaldiaren inguruan egiten ari den  "gehigikeria" salatu dute. 

2012ko otsailaren 6a
13:32
Entzun

Jardun politikoagatik kartzelaratuak askatzeko eta epaiketa politikoak gelditzeko eskatu dute presoen senideek gaur Iruñean, PPren egoitzaren aurrean. 29 preso nafarren senideek elkarretaratzea egin dute; hainbat erakunderen (Segi, Batasuna, Ekin, Askatasuna) parte izatea egozten zaie haien senideei.

"Tristea da politika egiteagatik jendea zapaltzea: atxiloketak, epaiketak, kartzelaratzeak...". 29 presoetatik 22 epaitu gabe jarraitzen dutela salatu dute, eta "kondena irmorik" ez dutela.

Horrekin batera, behin-behineko atxiloaldiaren inguruan egiten ari den  "gehigikeria" salatu dute. "Ez dago arrazoi objektiborik lagun horiek kartzelan mantentzeko, eta are ulertezinagoa da horiek preso jarraitzea bizi dugun eszenatoki politiko berria kontuan hartuz gero".

Horregatik, igandean Burlatan (12:00) egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute. Iker Moreno, Oihana Lopez eta Xabier Arina askatzeko eskatuko dute. "Etxean nahi ditugu. Haiek eta beste guztiak, pentsatzen dugulako Euskal Herrian zabaldu den garai berriak preso eta iheslariak etxera ekartzea dakarrela".



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.