"Ehunka lagun irten dira kalera alor honetan dugun egoera larria salatzeko eta Hezkuntza Sailari eskatzeko has ditzala egoera hau amaitzeko negoziazioak", zehaztu du ELA sindikatuak. Harekin batera egin dute grebarako deialdia LAB eta Steilasek. "Lan hitzarmena 2009an berritu zen azkenengoz, eta Jaurlaritzaren asmoa da sektorea pribatizatzea. Horretaz gain, ez dugu ahaztu behar langileen %63k behin-behineko kontratuak dituztela".
Garbiketa alorrean aritzen diren langile gehienek arratsaldean lan egin ohi dute, baina dagoeneko %65 inguruk iragarri dute sindikatuek deitutako protestarekin bat egiteko asmoa. Sukaldeetako langileei dagokienez, berriz, %80ra iritsi da greba egin dutenen kopurua.
Datozen asteetan grebekin jarraituko dute sindikatuek. Datorren ostegunean, heziketa bereziko langileen txanda izango da, eta azaroaren 30ean, irakaskuntzakoena. Abenduaren 12rako, berriz, sektore guztiak daude grebara deituak.