Sortu «legez kanpo utzitako alderdien jarraipena» dela arrazoitu nahian aritu dira Espainiako Estatuaren Abokatua eta Fiskaltza, baina ezin izan dute argudio indartsuz bete haien azalpena. Antonio Narvaez fiskalak onartu egin du Sortuk «bete-betean» jo duela legeak eskatzen dionean, baina «itxurak egiten ari dela» gaineratu du, eta beraz ez duela legea betetzen. Manuel Rivero Estatuaren Abokatuak ere aitortu du Sorturen estatutuetan indarkeria errefusatzen dela behin eta berriz. «Gehiegi» da bere ustez, izan ere legeak ez duela halakorik eskatzen ekarri du gogora, eta gainerako alderdiek ere ez dutela halakorik egin behar izan gaineratu du.
Estatuaren Abokatuak epaileei ohartarazi die ezker abertzalearen barruan «benetako eztabaida sinesgarria» egon den edo ez dela gakoa. Berak dioenez, ez da existitzen «Mugarri versus Argitzen versus Zutik Euskal Herria». Ezker abertzalearen eztabaidaren ondorioa den Zutik Euskal Herria-k ez duela borroka armatuaz hitz egiten sinestarazi nahi izan die magistratuei.
«Aldatu den itxurak egin nahi ditu, baina ez da aldatu». Bere ustez, horren adierazle da ezker abertzalearen barruan zatiketarik egon ez izana. Zatiketa eza argudiatzeko, berriz, ETAk disidenteen kontra gogor egin izan duela ekarri du gogora –Yoyes, Pertur eta Aralar aipatu ditu–. ETAk Sorturen sorrera «txalotu» egin duela gaineratu du, nahiz eta ez duen argitu «txalotze» hori noiz gertatu den. «Instituzioetan egoteko ETA-Ekinen enegarren saioa da Sortu. Ez da zatiketarik egon».
Sortu legeari iruzurra eta zuzenbidearen abusua egin nahian ari dela azpimarratu du fiskalak. «Itxuren arabera legalitatearen kanona betetzen du, baina materialki ez». Bere arabera, litekeena da ezker abertzalearen baitan «eztabaida sutsua» egon izana, baina, argi ikusten du hausturarik ez dagoela. Horren erakusgarrietako bat da «prozesu demokratikoa» terminoa. Narvaezek dioenez, ETAk eta Batasunak ere erabiltzen dute termino hori, eta berez, prozesu demokratikoa defendatzea zilegi dela esan ostean, kasu honetan, termino hori «jarraipenaren logotipo antzeko bat» dela argudiatu du.
Sortuk ETA gaitzesten duela onartu du fiskalak, baina bere esanetan, alderdi berriak ez du lotura hautsi erakunde armatuarekin. «Garrantzitsuena ez da kea, sua da» esan du. Kea gaitzespena dela eta sua lotura dela argudiatuz. Sorturen atzean ETA ezkutatzen dela gaineratu du. Hori argudiatzeko arrazoietako bat, ezker abertzalearen eta ETAren ekintzen arteko «paralelismoa» dela esan du, adibide gisa jarriz, ETAk su-eten egiaztagarria jakinarazi zuen agirian erreferentzia egiten diola ezker abertzaleak aurretik sinatutako Gernikako Akordioari.
ETA su-etenean egotea ere Sorturen kontra erabili nahi izan du Antonio Narvaez fiskalak, «indarkeriarik ez dagoenean erraza da hura salatzea». Su-etenik ez balego Sortuk ez lukeela indarkeria gaitzetsiko gaineratu du, aipatu gabe utziz, alderdi berriaren estatutuaren arabera, ETAk atentatuak egiteari berrekingo balio, haiek gaitzesten ezdituzten alderdiko kideak bertatik botako dituztela.
«Jarraipena» dela argudiatzeko, arrazoi ahulak eman dituzte
«Itxurak egitea» egotzi dio fiskalak Sorturi, legeak eskatzen duena bete egiten duela onartu behar izan baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu