BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k jarraipen berezia egingo dute datozen bi igandeetan herriko etxeetarako bozetako bi itzulietan. Iparraldeko euskal hedabideek elkarlanean hauteskunde gaua euskaraz jarraitzeko modua jarriko dute, bai zuzeneko telebista saio baten bitartez, baita herri guztietako emaitzak jasoz.
Udal ordezkariak hautatuko dituzte herritarrek igandean, eta 18:00etan itxiko dituzte bozkalekuak herri txikietan, eta bi ordu geroago, handietan. 20:00etatik aurrera herrietako lehen emaitzak aztergai izango dira BERRIAren webgunean aipatu elkarlanari esker, eta aurretik ere Euskal Irratien bozkalekuetan jaso dituzten emaitzak izango dira. Gainera, hiri handienetan zerrenda bakoitzak jaso duen babesa adierazten duen gasna izango da ikusgai.
BERRIAz eta Hitza-z gain, Euskal Irratiek, Kanaldude telebistak, Kazeta.info-k eta Herria aldizkariak egin dute hauteskunde gauerako plangintza. Aurretik ere zenbait eduki partekatu dituzte, esate baterako, BERRIAk herenegun egin zuen mahai ingurua.
Mahai ingurua, emaitzak aztertzeko
Igandean zuzeneko beste saio bat ere ez da faltako.19:55etik aurrera. Pantxika Maitia Kanaldudeko kazetariak zuzenduko du, eta han izango da, besteak beste, Aitor Renteria BERRIAko eta Hitza-ko kazetaria. Ordu erdiro erredakzioan jasotzen dituzten emaitzak aztertuko dituzte, eta 22:00etatik 23:00etara mahai ingurua izango da.
Lehenik Zuberoako eta Nafarroa Behereko emaitzak ematea espero dute, eta hiri handien emaitzekin amaitzea. Saioa 23:00etan amaituko da. Hiru politikari ere izango dituzte gonbidatu iritzia ematen: Alain Iriart EH Baikoa, Mixel Esteban berdea sozialisten irakurketa egiteko eta Dani Camblong EAJkoa.
Horrez gain, Baionako BERRIAren eta Hitza-ren kazetariek emaitzen gakoak emango dituzte bi webguneetan, eta bigarren itzuliari begira gauzak nola diren azalduko dute. Hauteskundeen jarraipenak asteartean BERRIAren papereko egunkarian izango du segida, baita Ipar Euskal Herriko Hitza-n datorren asteko zenbakian.