EUSKARA

Jarrera aldaketa euskararekin

Euskara eta euskarazko hezkuntzarekin lotutako hainbat gai soluziobidean sartu dira azken asteotan Nafarroan. Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek uste dute jarrera aldaketa badagoela.

Alberto Barandiaran.
IRUÑEA
2003ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bilera Nafarroako Jauregianzen, presidentearen ohiko bulegoan. Navas de Tolosako gudualdia irudikatzen duen tapiz handiaren azpian, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak: Pello Mariñelarena zuzendaria, eta Xabier Azantza lehendakaria. Bere betiko besaulkian, Miguel Sanz. Halako batean, «zaudete pixka bat». Presidente altxatu da, joan da bere mahaira, hartu du boligrafoa eta papera, eta apuntatzeari ekin dio.

Ikastolen egoeraz ari ziren, noski. Eta Sanzek bera bakarrik zen bulegoan apuntatzeari ekin zion. Fuera protokoloak. Presidentea interesa erakusten ari zen. Ikastoletako ordezkariak, harrituta. Notizia baitzen.Azaroaren 11 zen, ekaitzak Oinez jaia zapuztu eta hiru astera. Bilera egiteko eskaerari erantzun bizkorra eman zion Sanzek, baina hori ez da datua. Datua da ikastoletakoak 1998an elkartu zirela azken aldiz presidentearekin. Duela bost urte alegia. Tartean, basamortua: urteroko jaian ordezkaritza gero eta apalagoa, hizkuntza politikan atzerakada dekretu eta arau berrien bidez, ikastolentzat diru laguntzekin arazoakÉ Eta, bat-batean, protokolo bilera batean, Sanz mahaitik altxatu eta apuntatzeari ekin zion.Berako ikastolaren egoera ez zuela ezagutzen argudiatu zuen bertako DBH legeztatu gabe dago 1986tik, eta arazoa aztertuko zutela. Eta ulertzen zituela ikastolen helburu pedagogikoak.

Udazkenetik hona aldaketa

Ez da detaile hutsa. Euskararentzat munta handiko hainbat gai soluziobidean sartu dira udazken honetan.

Bilera hartan bertan, Sanzek azaldu zuen agindua eman zuela legalizatu gabeko ikastolen egoera soluzionatzeko, eta Iruñeko Parte Zaharrean D ereduari eusten dion San Frantzisko Ikastetxe Publikoa azkenean ez dela botako jakinarazi diete gurasoei.Euskarazko hezkuntza publikoa irauli behar zuen hizkuntza ereduak aldatzeko egitasmoa bertan behera utzi dute oraingoz, eta ikastetxeak bereizteko irizpidea aldatu du Hezkuntza Departamentuak: bikoizketa gehiagorik ez. Euskalerria Irratiak itxaropenak ditu txikiak, baina itxaropenak aurtengo dirulaguntzen deialdian azkenean sartu ahal izatekoÉDudak daude zergatiaz, baina gauzak aldatu dira udatik hona, garbi dago. Hala onartu dute euskarazko irakaskuntzako bi talde nagusienek, Sortzen-Ikasbatuazek eta Ikastolen Elkarteak berak. «Jarrera aldaketa nabaria da» dio Rikardo Ederra Sortzeneko eledunak.Oinez euritan ito zen goiz hartan, Juan Cruz Allik negar egin zuen. Giro tragikoaren erdian, CDNko buruak ikastolen jaietan ia beti egon da, presidentea izan zenetik ziurtatu zien ingurukoei Miguel Sanzekin hitz egingo zuela. Eta hitz egin du, nonbait.Bi alderdiek UPNk eta CDNk gobernua osatu dute Diputazioan eta Udaletxean, eta Allik behin baino gehiagotan esan du ez datorrela bat hizkuntza politikarako Sanzek dituen irizpideekin. Bere alderdiak ikastolen egoera soluzionatzearen alde bozkatu du behin baino gehiagotan, eta zenbait erabaki gaitzetsi egin ditu Parlamentuan bertan.Iruñeko Udalean, esaterako, bere taldeko zinegotziek zera erantsi zioten ordenantzak aldatzeko UPNren egitasmoari: euskara eta espainola euskarri bereizitan jartzekotan horixe nahi zuten erregionalistek, bi alderdien onespenarekin egin beharko litzatekeela. Betoa eskubidea onartzen zitzaion CDNri, eta UPNk amore eman zuen.Allik ere esan izan du, publikoki, oraingo gobernutik norbait aldaketzekotan, Pedro Pegenaute Hizkuntza Politikarako Zuzendari Nagusia aldatuko lukeela.Eta Pegenautek, zer dio? Pegenautek ez dio deus. Garbi dago aurreko legegintzaldian zuzendari nagusi guztiz ahalduna baztertuta dagoela. Gutxienez, baztertu samarturik.Jesus Laguna aurreko Kultura eta Hezkuntza kontseilariak inoiz ez zituen hizkuntza politikaren inguruko gaiak bere gain hartu. PSNko gobernuekin eta hiruko gobernuarekin ohikoa zen bezala, Pedro Pegenautek presidentziarekin kitatzen zituen kontuak, zuzenean. Hori amaitu dela ematen du. Orain, azalpenak Luis Campoy Hezkuntza kontseilari berriak ematen ditu. Eta Pegenaute isilik dago. Akaso isilik egon behar duelako.

Pegenaute, baztertuta

Joan den astean amaitu ziren bere aurka zabalik dauden ustezko prebarikazioarengatik behin behineko diligentziak. Diligentzien lehen zatia, zehatz esanda.

2001eko diru laguntzen banaketan izan irregulartasunengatik salaketa jarri duten abokatuek uste dute salaketa zabal litekeela, eta prebarikazioa ez ezik, dokumentuen faltsutzea ere lepora liezaiketela Pegenauteri ez ezik, Campoyren azpian dagoen Fermin Villanueva Hekzuntza zuzendariari ere. Villanueva Pegenauteren bigarrena zen 2001ean. Akusazioak garbi du, nolanahi ere, epaiketa egin egingo dela. Eta bi zuzendari nagusi egon litezkeela inputatuta.Ez da harritzekoa, beraz, Pegenaute bigarren lerroan gelditzea, nahiz eta oraindik burua altxatzen duen halakoetan. Esaterako, Expolingua azokan. Hara zer eta Itoizko urtegia edo Iruñea-Logroño autobiaren proiektuak eraman ditu Pegenautek. To, hizkuntza politika.Euskararen aurkako politika gogorra ez dela moteldu azpimarratu nahi izan du Rikardo Ederrak. Nekez pentsa liteke hori agintean daudenak aldatu ez badira, baina itxita zeuden ate batzuk, zabaldu dira. Badago gogorrena igaro ote den sentsazioa.Bolada baterako, akaso, utzi dutela.

Aurrekontuak, beheranzko bidean





Pedro Pegenaute Hizkuntza Politikarako Zuzendari Nagusi egin zutenetik, Nafarroako Gobernuak beti jaitsi ditu euskararentzat diru sailak; zenbakietan batzuetan, portzentaietan besteetan. 2001rako aurrekontuen proiektuak %4ko beherakada ekarri zuen hizkuntza politikarako, eta aurreko zuzendari nagusientzat estrategikoak ziren hainbat sail desagerrarazi zituzten. Joan den astean Parlamentuan aurkeztutako aurrekontuetan beherakada dago, portzentaietan, euskararentzat, baina garrantzitsuagoa da ekonomiaren benetako joera adierazten duen balio erantsi gordinarekiko konparazioa. 2006ra bitarteko plangintza ekonomikoa aztertuz, hizkuntza politika sustatzeko aurrekontuen etengabeko beherakada erakusten dute datuek.

-

Bost afera konpontzeko





Hezkuntzari bereziki, baina baita komunikabideei dagozkien bost afera soluziobidean sartu dira, edo lehen antzematen ez ziren bideak ireki zaizkie.

hizkuntza ereduak





Nafarroako Gobernuak udaberri honetan helarazi zion egitasmoa Eskola Kontseiluari. Orain dauden lau hizkuntza ereduei G (gaztelaniaz soilik), A (gaztelania gehi euskara irakasgai), D (euskaraz soilik) eta B (euskaraz eta gaztelaniaz), I (gaztelaniaz eta ingelesez) eta J (aurrekoa gehi euskara irakasgai) ere eskaintzeko asmoa zegoen. Hezkuntza sindikatu eta elkarteek Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, ELA, LAB, EILAS eta CCOO sindikatuak, Herrikoa gurasoen elkartea, berehala salatu zuten D ereduaren aurkako egitasmoa zela, «B ereduaren porrota eta A ereduaren eraginkortasunik eza ezkutatuko zuelako» eta euskara, gaztelania eta ingelesa «aurrez aurre» paratu nahi zituztela. Zirriborroa Eskola Kontseilura iritsi zen, baina hortik ez du aurrera egin. Geldirik dago. Campoyk esan zuen herenegun Nafarroako Kontseiluaren erabakiaren zain daudela, eta ereduen ebaluaketak zeresana izango zuela azken erabakian. Horixe, ebaluaketa, eskatu zuten sindikatuek eta gurasoen elkarteak nahiz eta moduaz desadostasunak izan. Ereduen arteko aldea, izatekotan, D ereduaren mesedeko dela ondorioztatu duen ebaluaketa gaztelaniazkoentzat pentsatua da. Adibidez: diktaketa froga egiten da, eta euskarazko ereduetan diktaketa ez da sistematikoki lantzen. Funtsean, ezagupideak bakarrik ebaluatzeko sistema da, eta sindikatuek azpimarratu dute kalitatea ezin dela ezagupideetan bakarrik oinarritu.

ikastetxeetan bereizketarik ez





Nafarroan, euskarazko ereduak gora egin duen heinean, arazoak sortu dira ikastetxe askotan, lehenagoko egituraren eta behar berren artean. Eta bereizketak egin behar izan dira ikastetxeetan: egitura oso bat D ereduarentzat, eta beste bat G eredukoentzat. Eskola Kontseiluak behin eta berriz ohartarazi du ikastetxeak ereduen arabera bereiztea «elkarbizitzaren aurkakoa» zela, eta, Hezkuntza Departamentuak, askotan, euskarazko ereduetako partaideen iritziaren aurka hartu izan du erabakia. Zergatik? «Bereizketa gaztelaniazko eredua indartzeko erabili izan da», dio Rikardo Ederra Sortzen-Ikasbatuazekoak, «eta baldintzak txartu egin dira euskarazkoentzat». Gurasoen elkarte hau ikastetxe konpartituen aldekoa da, «beti ere hizkuntza erabiltzeko eremuak ondo zehazten baldin badira». Luis Campoyk jakinarazi die dagoeneko sindikatuei ez direla ikastetxe gehiago bereiziko, ez bada egoerak berak aginduta.

san frantziskokoak,san frantziskon





Duela zortzi urte, Parte Zaharreko ikastetxe publiko bakarra ateak ixtekotan zen, demografiaren beherakadak eta marginazioak jota. Guraso talde batek ekimena hartu eta haurrak D ereduan matrikulatzeko erabakia hartu zuen. Lerro berria zabaldu eta, geroztik, matrikulazioan gorakadak ez du etenik izan. Egun, 350 haur inguru matrikulatuta daude, gehienak euskara hutsezko ereduan. Duela hiru urte, gobernuak jakinarazi zuen eskolen orubea Liburutegi Nagusia egiteko aukeratua zuela, eta ondoan dagoen Ezpeleta Jauregira eramango zituela haurrak. Hiru urte hauetan, gurasoen etengabeko erreibindikazioa izan da ikastetxe zaharrean gelditzea, eta, gisa berean, etengabekoa izan da administrazioaren ezetza. Orain, bat-batean, aldaketa. Nahiz eta oraindik erantzun ofiziala ez duten jaso, haurrak bertan geldituko dira. Azalpena? Matrikulazioaren gaineko kalkuluak gaizki egin zirela. Alegia, gurasoek beti esan dutena. Atzean, gobernuaren eta udalaren arteko borroka dago.

ikastola ez legeztatuak, konpontze bidean





Parlamentuak behin baino gehiagotan eskatu dio gobernuari Irunberri, Lodosa, Sartaguda, Viana eta Tuterako ikastolen egoerarentzat konponbidea. Afera zaharra da. Ikastolak txikiak dira, Tuterakoa salbu, eta arazoak dituzte inbertsio handiak egiteko. Ez dituzte, beraz, kontzertatuak izateko legeak eskatzen dituen gutxienezko baldintzak betetzen. Ikastolen aldeko jaiak erabili izan dira inbertsio horiek egiteko. Arauak betetzeko lan guztiak egin bitartean, Nafarroako Gobernuak diru sail bereziak bideratu ditu beti ikastetxe hauentzat, baina UPNko gobernuak diru sail hori kendu nahi izan zuen iaz. Parlamentuaren gehiengoak CDN barne, aldaketaren aurka bozkatu zuen. Pegenauteren zuzendaritzatik, hala ere, hamaika traba jarri zaizkie ikastolei agindua betetzeko. Sanzek, orain, eman du agindua egoera konpontzeko.

euskalerria irratia, bai-ez





Aurreko urtean Nafarkariarekin gertatu bezala, iaz Euskalerria Irratia Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak banatzen dituen diru laguntzarik gabe gelditu zen, klausula berria sartuta. Aurten, berriro, «emititzeko lizentzia edukitzea edo legeztatzeko bidean izatea» exijitzen du deialdiak, aurreko bederatzi urteetan inoiz exijitu ez duena, eta klausula horren interpretazioan dago gakoa. Deialdia bera azaltzeko Campoy kontseilariak berriro Campoy egin zuen agerraldian, garbi gelditu zen artikulua ez dela batere garbia, eta Patxi Telletxea Aralarreko parlamentariak, esaterako, «labirintikoa» hitza erabili zuen. Hala ere, hor ere zabalik dago atea. Iaz ezinezkoa zena, aurten posible liteke. Badirudi ebaluaketa batzordeak artikulua interpreta dezakeela. Hizkuntza Politikako arduradunek aurkeztera animatu dituzte irratikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.