Jarrera argitzeko eskatu dio EAJk Patxi Lopezi

Alderdi guztien parte hartze politikoa babestuko duen galdetuko dio Egibarrek Eusko Legebiltzarrean

Erredakzioa
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko bozeramaile jeltzaleak Sorturi buruzko galdera zehatza egingo dio Patxi Lopez lehendakariari Eusko Legebiltzarrean,Jaurlaritzaren kontrolerako hurrengo saioan. Alderdi guztien «erabateko parte-hartze politikoa» bermatzeko ekimena adostearen alde egingo duen argitzeko eskatuko dio. Sortuk ere politikan parte har dezan ahalbidetzeko prest dagoen.

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak astelehenean iragarritako ekimenaren barnean egingo du proposamena Egibarrek. Urkulluk iragarri zuen EAJk akordioa eskainiko diola Lopezi «normalizazio politikorako eta indar politiko guztien erabateko parte hartzerako bidean estrategia bat» adosteari begira.

Proposamen horren inguruko iritzia eskatuko dio, beraz, Egibarrek Lopezi, lehendakariak ETA eta Sortu bereizi egin behar direla eta beraz alderdiaren legeztatzea ez dela erakunde armatuaren existentziaren menpe egon behar esan berri duenean.

Sozialisten «oilategia»

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere argitzeko eskatu dio Alderdi Sozialistari: «Oilategia dirudi; lehendakariak gauza bat esaten du, Egigurenek beste bat eta Zapaterok bestea. Argi daitezela!». PPrekin dituzten loturei egotzi dizkie jarrera kontrajarriak. «Gai horretan lepotik helduta ditu PPk».

Bilbaok Sortu hauteskundeetan egotearen alde egin du, eta ezker abertzalea egongo den ustea azaldu du. Baina hari buruz hitz egiteari uzteko eskatu du, «hauteskunde kanpaina egiten ari zaiolako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.