Astebete baino gutxiago falta Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren herri galdeketarako lege proposamenaz osoko bilkura egiteko eta erabakia hartzeko -hilaren 27an izango da bilkura-, eta alderdi denak dabiltza horretaz hizketan. Gaurkoa ez da salbuespena izan.
Andoni Ortuzar (EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea)
"Ez dugu konfiatzen EHAKrengan [honen botoak erabakigarriak izango dira 27an], eta EAJri eta Ibarretxeri minik handiena emango dieten hori egiten saiatuko da. EAJk erabat babesten du lege proposamena, eta orain Ibarretxeren ordua da. Aldi berean, guk bake prozesuan eman genion bezala, Zapaterori orain guri aukera bat emateko eskatzen diogu".
Shanti Kiroga (ezker abertzaleko kidea)
"Ez dugu uste Ibarretxek galdeketa egingo duenik. EAJ, PSOE eta Nafarroa Bai estatutu erreformak prestatzen ari dira, Euskal Herriko lurralde zatiketa betikotzeko eta independentzia aukera ixteko asmoz. Nafarroak EAJren proiektu estrategikoan sartu gabe segitzen du. Euskal Herrirako marko demokratikoaren proposamena egina du ezker abertzaleak, eta hor dago gatazka gainditzeko mamia: Hego Euskal Herriko autonomia estatutua, erabaki eskubidearekin".
Ezker abertzaleak hiru manifestazio egingo ditu gaur, "aldaketa politikoa" eskatzeko: Bilbon (18:00, Jesusen Bihotza plaza), Donostian (18:00, Bulebarra) eta Gasteizen (19:00, Bilbo plaza).
Unai Ziarreta (EAko presidentea)
"Herri galdeketarako proposamena onartu ondoren, Europa barruan legokeen euskal errepublika batua eta independentea sortzeko pausoak emango ditu EAk. Gaurko blokeo eta betoari irtenbidea emateko proposamen bakarra herriari hitza ematea da. Nola izan liteke hori ez legezkoa? Nola zatitu dezake herria elkarrizketa eta akordioa eskaintzen dituenak?".
Aintzane Ezenarro (Aralarko legebiltzarkidea)
"Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den galdeketarako lege proposamena aukera ezin hobea da, Euskal Herriaren etorkizunerako urrats garrantzitsua baita. Aralarrek badaki galdeketak berak ez duela autodeterminazio eskubidea berehalakoan ekarriko, baina bake eta normalizazio egoerara hurbiltzen gaituelako, modu positiboan ikusten dugu. Galdeketak, bere horretan, ez du gatazka gaindituko, baina proiektu politiko guztien eztabaidari, bazterketarik gabekoari, eta ezberdinen arteko akordioari atea irekitzen dion neurrian babesten dugu".
Jose Antonio Pastor (PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia)
"Ibarretxek uste du [EAEko] hauteskundeak irabazi eta Eusko Jaurlaritzan segitu ahal izateko herria zatitu beharra duela, eta gu ez gara joko horretan sartuko, ez dugu euskal herritarren eta espainiarren arteko gerrarik irudikatuko. Gu demokraziaren eta askatasunaren defentsan ariko gara eta ez dugu atzerapausorik emango. Ibarretxe, baina, EHAKren botoak jaso nahian dabil hilaren 27rako, eta hori onartezina da".
Politika
Jarrera desberdinak Eusko Legebiltzarreko oso bilkura garrantzitsuaren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu