Politika

"Jarrera maximalistek" eztabaida blokeatu dezaketela ohartarazi du Elkarrekin Podemosek

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak aurreratu du bere taldeak ez duela babestuko EAJrekin eta EH Bildurekin soilik adostutako estatutu bat. PSEk nabarmendu du estatutu berriak "legediaren barruan" egon behar duela. PPk EAJri leporatu dio "ETAren bide orria" jarraitzen aritzea.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR, EFE
2018ko maiatzaren 9a
08:48
Entzun

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak beste saio bat egin du gaur arratsaldean, estatus politiko berri bat jasoko duen akordioa lantze aldera. Taldeek eztabaidagai izan dute Gernikako estatutua ordezkatuko duen estatutu berri baten hitzaurreak zein oinarri izan beharko lituzkeen. Bi orduz egon da bilduta lantaldea, eta hura amaitutakoan, EAJren proposamena baloratu dute Elkarrekin Podemosek, PSEk eta PPk.

Elkarrekin Podemoseko bozermaile Lander Martinezen esanetan, badira adostasunerako zenbait puntu. Horien artean aipatu ditu "Euskadi komunitate nazional" gisa aitortzea, gizarte eskubideak jasotzea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren defentsa. Aldiz, "Euskadi" eta "Euskal Herria"-ren definizioei eta erabakitzeko eskubideari dagokienez, desadostasun sakonak daudela adierazi du.

Ildo horretan, Maritnezek ohartarazi du "jarrera maximalistek" autogobernu lantaldearen eztabaida blokeatu dezaketela, adostasun "zabala" eragozten dutelako. Martinezek aurreratu duenez, Elkarrekin Podemosek ezinbesteko joko du, gutxienez, lau alderdiren arteko adostasuna lortzea, eta gaineratu du bere taldeak ez duela babestuko EAJrekin eta EH Bildurekin soilik lortutako akordiorik.

Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak nabarmendu du eztabaida hasi besterik ez dela egin eta orandik ez dagoela ezer erabakita. Hala ere, gogora ekarri du PSEren jarrera, eta aipatu du estatutu berria "legediaren barruan eta ziurtasun juridikoarekin" adostu beharko dela bere taldearen babesa izango badu. Pastorrek argitu du PSE estatutu berrirako proposamenaren hitzaurrearekin ados ez baldin badago boto partikularra eskatuko duela, testu artikulatua idazteko ardura izango duen aditu taldeak PSEren iritzia kontuan izan dezan.

Kritikarik gogorrena PPren eskutik jaso du EAJk. Borja Senper legebiltzarkidearen esanetan, alderdi jeltzalearen proposamenak "ETAren bide orria" jarraitzen du. EAJren historiako proposamenik "erradikalena" dela ziurtatu du eta "alarma guztiak" pizteko arrazoia dela deritzo. "Kanboko estatutua da", adierazi du Senperrek. Haren hitzetan, EAJren proposamenak ariskuan jarriko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egonkortasun politiko eta ekonomikoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.