Ekonomia suspertzeko plana martxan jarri behar dela ados daude Jaurlaritza, diputazioak eta Eudel, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak poztasuna agertu du lehen bilera honek izandako emaitzengatik. Eskertu die hiru ahaldun nagusiei eta Eudeleko buruari euren jarrera ”positiboa eta eraikitzailea”, baina gaur berez ez dela akordiorik lortu nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok. Haren arabera, erabaki dute diputazioek eta Jaurlaritzak hitz egingo dutela zer egin defizitaren malgutzearekin lortutako diruarekin.
Egoera ekonomiko larriari buruzko diagnosi partekatua egin dutela azaldu du, berriz, Eudeleko presidenteak. Udalen arazo nagusiena langabezia dela dio, eta gaurko bileraren ondorio nagusiena erakundeen arteko elkarlana indartu dela izan da, bere esanetan. Eskatu du etorkizunean egingo diren udaletarako planetan Eudelek parte hartzea.
Defizita malgutuz gero lortuko litzatekeen diru sarrera gehigarriarekin erakunde arteko funtsa martxan jartzea adostu dute hiru diputazioek, Eudelek eta Jaurlaritzak. Diru hori inbertsioetara bideratuko litzateke, Jose Luis Bilbao bizkaiko ahaldunak azaldu duenez. Besteak beste, Bilboko metroaren 3. lineara bideratuko luke diru hori Bizkaiko aldundiak, ahaldun nagusiak dioenez. Pozik dago lortutako akordioagatik. Defizitaren inguruko akordio ”sendo eta polita” lortu dela azpimarratu du.
Martin Garitano, berriz, ez da horren gustura atera bileratik. Kritikatu du Jaurlaritzak "anbizio eta inprobisazio falta" duela eredu ekonomikoa aldatzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusiak larrialdi plana martxan jartzeko proposatu du gaurko bileran, baina ez dela eztabaidatu ere egin esan du.
Zerga sistemaren erreforma eta iruzur fiskalari aurre egiteko plana ez zegoen gaurko bileraren gai ordenean, Javier De Andresek jakinarazi duenez. Urkulluk pasa den astean esan zuen gai hori mahai gainean jarriko zuela. De Andresek gehigarri hori diputazioek ere kudeatzea proposatu du bileran. Bere proposamenak harrera ona izan duela dio, eta hiru diputazioek eta Jaurlaritza Ekonomia suspertzeko plana martxan jartzea adostu dutela.
Erkorekak azaldu du erakunde guztiak bat datozela Ekonomia Berpizteko ezohiko plana martxan jartzearekin. 200 milioi eurokoa litzateke plan hori. Halaber, Sektore Publikoaren bikoizketari saihesteari buruzko plana martxan jartzea adostu dutela dio. Horiek aztertzen joateko batzorde bat lehenbailehen eratuko dute lau erakundeek, Erkorekak dioenez.