politika

"Jasandako akusazio faltsuen" aurrean defenditzeko agerraldia egin dute EAko kargu publikoek

Astearte gauean Eusko Alkartasunako bi ildoen arteko krisia agerian geratu zen eta ondorioz, kritikoek alderdia uztea erabaki zuten.

2009ko ekainaren 6a
18:38
Entzun
Eusko Alkartasunako (EA) kargu publikoek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, azken egunetan "jasandako akusazio faltsuen" aurrean defenditzeko eta haien ardura publikoen bitartez, "herriaren garapen soziala, politikoa, ekonomikoa eta demokratikoa bultzatzen jarraitzeko" duten borondatea eta konpromisoa adierazteko. "Betiko planteamenduei eutsiko diegu" nabarmendu du Koldo Amezketa EAko presidenteordeak.

"Gizartea ordezkatzen duten pertsona guztien lan instituzional eta politikoari gure sostengua adierazten diegu", adierazi du Amezketak. Ildo kritikoak kargu publikoak EAren esku uzteko nahia berretsi du horrek.

Izan ere, astearte gauean Eusko Alkartasunako bi ildoen arteko krisia agerian geratu zen eta ondorioz, kritikoek alderdia uztea erabaki zuten. Ohar batean bildu zuen ildo kritikoak EAtik banatzeko asmoa.

Gipuzkoako EAko zuzendaritzako hamabost lagunek sinatu zuten ohar hori; besteak beste, Iñaki Galdos presidente eta herrialdeko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren albokoak (Kirola eta Kanpo Ekintzarako diputatua ere bada), Pello Gonzalez Ogasun eta Finantza diputatuak, Joxan Rekondo Batzar Nagusietako EAko bozeramaileak eta Jon Urien Zarauzko alkateak. Ez dituzte euren kargu publikoak utziko.

Alderdi politikoa sortuko dutela ere iragarri dute, 'Alkarbide' izenekoa. Asmoa, urtearen bukaerarako eratzea. Alderdia "abertzalea, demokratikoa eta sozialdemokrata" izango da, haien arabera.

Hortaz, EAk ekainaren 20an eta 21ean Gasteizen zuzendaritza, estatutuak eta ildoa hautatzeko egingo duen kongresuaren aurretik utzi dute alderdia, baita biharko Europako Parlamenturako hauteskundeen aurretik ere.

Gipuzkoako EAk osatzen du, batik bat, ildo kritiko hori, eta alderdi barruan %35 inguru osatu izan dute, batzar nazionaletan ikusi izan den bezala. Galdos eta Gonzalezez gain, beste bi diputatu dituzte Gipuzkoako Aldundian: Maite Etxaniz (Gizarte Politikak) eta Jose Ramon Guridi (Berrikuntza).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.