Txema Urkijo Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiko aholkulariaren kargugabetzea zer esana ematen ari da. Urkijok berak adierazi zuen hura kargutik kentzeko erabakia Jonan Fernandezekin "hasieratik" izandako "desadostasunak" tarteko hartu zutela. Eta erabaki hori dela eta, zenbait biktimek orain ez dutela norengana jo esan duenik ere izan da. Iñigo Urkullu lehendakariak dio jasotako kritikak "erabat injustuak" direla, eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak egindako lana kontuan ez hartzea arbuiatu du.
Eusko Jaurlaritzak biktimekin duen konpromisoa "ezbairik gabekoa da" Urkulluren arabera: "Tristea da ikustea zenbaitek nora eraman nahi duten erabaki soilik administratibo eta sinplea izan dena". Horrez gain, "zenbait alderdik" biktimen gaia "interes politikoen arabera" erabiltzea ere salatu du.