Martin Ugalde foroa

Jatorri anitzetako biolentzien lau testigantza, Martin Ugalde foroan

Eneko Etxeberria, Maria Jauregi, Nagore Otegi eta Naiara Zamarreño aritu dira solasean. Ikusi bideoa, osorik, Berria TBn.

2020ko otsailaren 6a
13:03
Entzun

Azkeneko hamarkadetan Euskal Herrian indarkeria politikoa sufritutako askotariko biktimek hartu dute parte gaur Martin Ugalde foroan, Andoainen (Gipuzkoa): Maria Jauregik eta Naiara Zamarreñok —ETAk hil zituen haien aitak: Juan Mari Jauregi eta Manuel Zamarreño—, Eneko Etxeberriak —BVEk desagerrarazi zion anaia Jose Miguel Etxeberria Naparra, eta ez da oraindik agertu— eta Nagore Otegik —GALek hil zuen haren aita, Juan Mari Otegi Txato—. «Egiaz», «elkarbizitzaz» eta «enpatiaz» aritu dira, «zauriak ixteaz». Martin Ugalde foroak Foro Sozial Iraunkorrarekin elkarlanean antolatu du mahai ingurua, eta Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak gidatu du solasaldia.

Foroko antolatzaileek esana zuten biktimentzako egia, justizia eta erreparazia eskatzen dituela gehiengo zabal batek, eta horretan bat egin dute lau solaskideek. «Biktima moduan, nik sentitzen dudana da aitortza eza, eta, batez ere, egia falta», esan du Otegik. «Nik onartuta daukat inoiz ez dudala jakingo egia zer den, eta, niretzat, hori litzateke lehenengo pausoa aurrera egiteko». Pertsonalki, zein kolektibotik. «Erdizkako hasierek» ez dute irtenbide onik izaten, bere ustean.

Zamarreñori kosta egin zitzaion plazara ateratzea, kalean kontatzea ETAk hil zuela haren aita: «Beldurra zen nire oztoporik handiena, eta seinalatua izatea». Behin jendaurrera ateraz gero, ordea, «ez dago atzera bueltarik». Kontatu du «askeago» sentitu zela hitz egin zuen aurreneko aldian. Haurrari ez zion kontatu gertatutakoa, eta, haren kabuz jakin zuenean, sumindu egin zen. «Azaldu nion nik ez dudala inor gorroto, eta ez dudala nahi berak inor gorrotatzerik», esan du. Goraipatu du Errenterian, bere herrian, indarkeriaren askotariko biktimei egin dieten errekonozimendua, eta nabarmendu du «enpatia» dela bidea.

Jauregik bat egin du Zamarreñok esandakoarekin, haurrei oraindik ezer kontatu ez dien arren. «Badakit iritsiko zaidala azaltzeko momentua, eta espero baino lehen izango da, gainera; nahi diet kontatu, nahi dizkiet gauzak ondo azaldu, baina gorrotoa alde batera utzita».

Etxeberria ohitua dago anaiarekin gertatutakoa zabaltzera. «Kasua oraindik bizirik dago», gainera. Genevara (Suitza) joango da datorren astean, Nazio Batuen Erakundeko desagertze behartuen batzordearekin elkartzera. «Zaila da gorrotoa alde batera uztea», esan du hark. «Denborak laguntzen du horretan, eta ulertzen hasten zara zer gertatu zaizun, eta besteei ere zer gertatu zaien.

«Ondorioak pertsonalki oso antzekoak izan daitezke. Bakoitzaren sufrimendua espezifikoa da, baina hemen gaude antzeko egoera batean bakoitzak bere sufrimendua daukalako. Enpatiak eramango gaitu elkarkidetzara, eta herri honetan egon den sufrimendu bortitz horretatik aurrera egitea», borobildu du Otegik.

Jauregik eta Zamarreñok salatu dute zenbait politikarik «erabili» egiten dituztela biktimak «etekin politikoa ateratzeko». «Inork ez dauka eskubiderik inolako biktimaren izenean hitz egiteko», esan du Zamarreñok. «Eta ez dago ahots bakar bat biktima guztiak ordezkatzen dituenik», gehitu du Jauregik.

Zamarreñorentzat, «elkarbizitza» ezinbestekoa da. «Ez gara denok ados egongo, baina garrantzitsua da entzutea eta enpatia lantzea. Honelako ereduek benetan merezi dute». Etxeberriak adierazi du ezin daitekeela ahaztu oinarrizko eskubideak unibertsalak direla, eta berdin balio dutela denentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.