Jatorri atzerritarreko herritarrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari gastuaren, kontsumoaren, bitartez zer ekarpen egiten dioten aztertu du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, eta ondorioa argia da: EAEko administrazioetatik laguntzen bidez dirutan jasotzen dutena ia halako bi ematen dute. Immigrazioaren behatokiak Cultumetria gizarte analisietan espezializatutako enpresarekin elkarlanean datu ofizialetan oinarrituta egindako ikerketa «zientifikoak» adierazten du 2018an %2,06ko ekarpena egin ziotela BPG barne produktu gordinari. «Administrazioetatik jaso zuten baino 810 milioi euro gehiago gastatu zituzten», nabarmendu du Arkaitz Fullaondo behatokiko ikerlariak.
Ikerketa Bilbon aurkeztu dute gaur, eta Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuordeak adierazi duenez, emaitzak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jatorri atzerritarreko herritarrak ez direla «laguntza publikoetatik bizi», eta azterketak balio duela, horrenbestez, haiei buruzko «estereotipo eta zurrumurru batzuk» hausteko.
Fullaondoren ustez, jatorri atzerritarreko herritarrek «jasotzen duten horretan» jartzen da «beti» fokua. «Baina argi eta garbi ikusi da zelako dinamismo ekonomikoa eragiten duten kontsumoaren bidez, eta migrazioaren fenomenoak zer inpaktu positibo duen ekonomian». Azterketa egiteko kontuan hartu dituzten aldagaien artean daude fakturen ordainketak, erosketak eta dendak irekita edukitzearen ondorioz eragiten duten jarduera, besteak beste.
Alvaro Fierro Cultumetriako ikerketa proiektuen arduradunak datuak xehatu ditu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoek 714 milioi euro bideratu zituzten atzerritarrentzat: 32 milioi euro baino gehiago etxebizitzara, 200 milioi pasa zerbitzu sozialetara, 157 bat milioi osasun eginkizunetara, eta 224 milioi pasa hezkuntzara. Fierroren arabera, kopuru hori «oso baxua» da migratzaileek urtero egindako 1.525 milioi euroko ekarpenaren alderatuta. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak familia bakoitzaren gastua neurtzeko egindako inkesta eta erakunde beraren Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen 2018ko azterketa aintzat hartuta lortu dute kopuru hori. Dena den, Fullaondori iruditzen zaio «ikuspegi kontserbadore batetik» egin dutela azterketa, administrazioen datu ofizialekin «soilik» landu dutelako, «ezkutuko ekonomiaren» zenbakiei erreparatu gabe.
Joera bat berretsiz
Behatokiko ikerlaria ez dago «harrituta» emaitzarekin. Haren esanetan, munduan, «izan AEBetan, Europan edo Espainiako Estatuan», auziaz egiten diren azterketek erakusten dutena «berretsi» baitu EAEn egindakoak. Gogoratu nahi izan du, bide batez, 2016an argitaratu zutela beste ikerketa bat, ikusteko herritarren sektore horrek nolako ekarpena egiten zuen zergen bidez. Orduan ere, nahiz eta ikerketak Atzeraldi Handiko datuak jaso (2008-2012), ikusi zen EAEko «ongizate sistemetatik» jasotzen zuten baino gehiago ematen zutela atzerritarrek ikuspegi fiskaletik.