Jauregi: «Batasunak demokrazia konbentzitu behar du»

Espainiako Gobernuaren jarrera ez dela aldatuko berretsi du, «emandako pausoak ez direlako nahikoak»

Agentziak
Madril
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
ETA baztertzen duela «konbentzitu» egin behar du «demokrazia» ezker abertzaleak, Ramon Jauregi Espainiako presidentzia ministroaren irudiko, eta hori «ñabardurarik eta beste interpretazioetarako aukerarik gabe» egin behar duela gaineratu du. Auzi honetan Espainiako Gobernuak aurrera daraman estrategia ez dela aldatuko azpimarratu du berriz ere, kazetariei egindako adierazpenetan. Izan ere, ezker abertzalea ematen ari den pausoak ez direla «nahikoak» iruditzen zaio.

Espainiako Gobernuaren jarrera aldatzekotan bi aukera hauetako bat gertatu beharko litzatekeela azaldu du Jauregik: ETA desagertzea, edo «Batasunak behin betirako» erakunde armatuarekin haustea. Nolanahi ere, horrelakorik ez dela gertatu nabarmendu du, eta gertatu ezean ez duela «espekulatuko».

«Sinesgarria» izan nahi badu aukera esku-eskura duela esan dio, gainera, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ezker abertzaleari: igandean Bilboko ertzain etxera harriak bota zituztela salatzea. Ezker abertzaleari ez ezik, haiekin batera «polo subiranista» osatzen dutenei ere halako ekintzen kontrako jarrera hartzeko eskatu die. «Horixe da kotoiaren froga: indarkeriaren, mehatxuen eta estortsioaren kontrako jarrera argia hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.