Autogobernu lantaldea

Jauregi, Lopez, Benegas eta Arregi deituko ditu PSEk autogobernuaren lantaldera

EAJko legebiltzarkide Jone Berriozabal izango da koordinatzailea, eta hilean bitan bilduko da lantaldea, asteazkenetan.

Legebiltzarkideen zain, bileraren aurretik. ARP
edurne begiristain
2014ko apirilaren 9a
07:47
Entzun

Autogobernu lantaldearen lehen bilera egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta zehaztu egin dituzte agerraldiak eta lan egutegia. Legebiltzar talde bakoitzak bederatzi agerraldi eskatu ahal izango ditu, UPDk izan ezik; lau baino ezin izango ditu galdegin hark. PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek aurreratu du zeintzuk izango diren bere taldearen bederatzi agerraldi eskaerak: Ramon Jauregi, PSOEko ministro ohi eta Europako hauteskundeetarako PSE-EEko zerrendaburua; Patxi Lopez, PSE-EEko idazkari nagusia; Jose Maria 'Txiki' Benegas, PSE-EEko kide historikoa; Alberto Lopez Basaguren, Francesc Carreras eta Javier Tajadura Zuzenbide Konstituzionaleko adituak; Jose Ramon Rekalde, PSE-EEko Hezkuntza eta Justizia sailburu ohia; Joseba Arregi, Teologian eta Soziologian doktorea; eta Luis Castells, Historia Garaikideko katedraduna.

Martxoaren 27an egin zuten autogobernu lantaldearen lehen bilera. Orain, apirilaren 30erako zehaztu beharko dituzte taldeek agerraldi eske guztiak, eta berrogei inguru izango dira denera, bi saio bakoitzeko. Hilean bitan bilduko dira, asteazkenetan, Jone Berriozabal EAJko legebiltzarkideak koordinatuta. Eskaerak zehaztuta, maiatzaren 28an eta ekainaren 11n eta 25ean egingo dituzte hurrengo saioak. Agerraldiekin batera, erakundeen txostenak eta dokumentu juridikoak ere eskatuko dituzte taldeek. Halaber, aurreko urteetan autogobernuari buruzko batzordean parte hartu zutenei aukera emango zaie euren ekarpenak idatziz bidaltzeko.

EH Bilduk, besteak beste, Arnaldo Otegi, Juan Jose Ibarretxe, Alex Salmond eta Artur Mas deituko dituela iragarri zuen joan den astean. Hasier Arraiz legebiltzarkideak gaur gogora ekarri du Kataluniako  prozesu subiranista, eta PPri eta PSOEri leporatu die Katalunia zein Euskal Herriko herritarren eskaerak errespetatzeko ”borondate demokratikorik” ez izatea.  Arraizen ustez, Legebiltzarrean abiatutako lanak arrakastatsua izateko  “prozesu demokratikoa”  abiatu behar da, eta hori martxan jartzeko eskua luzatzen dio bidelagun izan nahi duenari.

EAJk, bestalde, ez du zehaztu zein agerraldi eskatuko dituen. Haatik, Joseba Egibarrek iragarri du hainbat txosten eskatuko dituela bere taldeak: besteak beste,  autogobernuaren eta Euskal Herriaren menepekotasunaren kostu ekonomikoari buruzkoak galdegingo ditu.

PPtik, Borja Semperrek baieztatu du Joseba Arregi, Javuer Corcuera eta Alberto Lopez Basagurenen agerraldiak eskatuko dituztela, besteak beste. Azaldu duenez,  zuzenbidean adituak diren pertsonen agerraldiak eskatuko ditu PPk, autogobernuari buruzko “ikuspuntu teknikoa eta juridikoa” eskaini dezaten.

UPDk, berriz, izen asko ditu mahai gainean, eta guztien artean aukeratu beharko du, Gorka Maneirok esan duenez. Tartean, Fernando Savater, Rosa Diez eta  Carlos Martinez Gorriaran leudeke. “Abertzaleen gezurrei aurre egiteko borroka politiko erraldoia” egitera joango da Maneiro lantaldera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.