Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministroak esan du gobernuak ez duela Bildu legez kanpo uztea bultzatzeko "okerra" egingo ez badu horretarako nahikoa oinarri juridiko. Eta azpimarratu du gobernuak oraingoz behintzat aukera hori ez darabilela esku artean.
Eferi eskainitako elkarrizketa batean, Jauregik berretsi egin du gobernuak dituen datuen arabera oraintxe bertan ez dagoela Bildu legez kanpo uztea bultzatzeko inolako arrazoirik eta, beraz, gobernuak ez duela egingo koalizioa legez kanpo uzteko eskatzeko "okerra". "Bildu bakearekin konprometitu zen, eta indarkeria erabat gaitzesten duten estatutuak aurkeztu zituen", azaldu du Jauregik.
Dena den, gobernuak legez kanporatzeko eskatzeko asmorik ez badu ere, Jauregik argitu du hori aldatu egingo litzatekeela Bilduk indarkeria gaitzetsi eta baztertuko ez balu edo legez kanporatzea justifikatuko lukeen beste edozein ekintza egingo balu.
ETAk atentatu batean inor hil ez duela bi urte pasatu diren honetan, "esperantza handiko prozesu bat" garatzen ari dela esan du Jauregik. "Indarkeriaren desagertze hau ez da inongo aurre-negoziazioren emaitza; haren porrotaren ondorio da, haren hausnarketarena", zehaztu du.
Horregatik, Jauregik esan du "azkarrak, zentzudunak" izatea ezinbesteko dela prozesu horren bidez "indarkeria betiko eta benetan amai dadin".