Ser irrati kateak zabaldutako informazioen harira, bere ondareari eta zerga betebeharrei buruzko agiri eta froga zehatzak aurkeztu ditu Jon Jauregi EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusitarako hautagaiak. Ser-en arabera, sei etxebizitzaren jabe da Jauregi, eta horietatik bi ezkutatu egin zituen zerga aitorpenak egiterakoan, ogasunari iruzur eginez.
Diputatu nagusitarako hautagaiak gaur zabaldu dituen agirietan jasotzen denez, bera eta emaztea bost etxebizitzaren jabe dira %50ean. Horrez gain, gainerako anai-arrebekin batera beste etxebizitza baten laurdenaren jabe da. Etxebizitza horren jabetza bere gurasoek bizirik daudela egindako doaintzaren ondorioz eskuratu duela erantsi du, eta egun gurasoak bizi diren etxebizitza dela.
Osterantzeko bost etxebizitzengatik 1.131.485 eurotako zor hipotekarioa dutela agertu du Jauregik, eta 2007ko urriaren 3a baino lehen ordaindu behar duten zubi mailegu bat dutenez, etxebizitzetatik bi saltze prozesuan direla adierazi. Areago, etxebizitzetako bat dagoeneko salduta dagoela ziurtatu du, eskritura emateko zain. Bestea, berriz, salgai jarrita. Hori horrela, epe laburrean beren jabetza hiru etxebizitzakoa izango dela gaineratu du: bat beren ohiko etxebizitza dela, eta beste biak alokatuta dituztela.
Etxebizitza horiek ogasunean deklaratuta daudela adierazten duten agiriak aurkeztu ditu Jauregik, Gipuzkoako Ogasunekoak zein Frantziakoak -Lapurdinbaitaukate etxebizitza horietako bat-. Agirietan aipatutako etxebizietako bat falta da, baina 2006an erosia dela azaldu du, eta, beraz, 2007ko agirietan agertuko dela.
Datu horiek guztiak emazteaz gain, bera eta bere hurbilekoak "lintxamendu politiko eta pertsonala" jasaten ari direla salatu du.
Ildo horretatik, Joseba Egibar EAJko GBB Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak "elkartasuna eta babesa" adierazi dio jeltzaleen Gipuzkoako zuzendaritzaren izenean, eta alderdiaren inguruan egunotan egindako zenbait salaketa berritu ditu. Hala, Jauregiren kontrako txostena alderdi barruan landu dela salatu du; areago, GBBk Jauregiren hautagaitza onartu bezain laster hasi zirela haren kontrako kanpaina osatzen.
Auzi horrek guztiak "asmo politikoak" dituela azpimarratu du Egibarrek, baina ez dutela lortuko beren "proiektu politikoa" zapuzterik. Sortu den aferaren ondorioz, neurriak hartzen hasi direla erantsi du: hala, gogorarazi du Ser irrati kateari emandako informazioa zuzentzeko eskatu ziotela, baina ez duela egin. Kasua Jaime Goiena Gipuzkoako fiskalburuari helarazi diotela jakinarazi du, eta, beraz, auzitegietako bidea martxan jarri dutela.
Ardura politikoei dagokienez, Egibarrek esan du argi dakitela Jauregiren kontrako txostena osatzeko datuak Gipuzkoako Ogasunetik eman direla, eta, ondorioz, Joxe Juan Gonzalez Txabarri egungo diputatu nagusiari eskatu dio "ardura politikoak lehenbailehen garbitzeko".
Politika
Jauregiren datuak Gipuzkoako Ogasunak eman dituela iritzita, "ardura politikoak garbitzeko" eskatu dio Egibarrek Txabarriri
Bere ondareari eta zerga betebeharrei buruzko agiriak aurkeztu ditu Jauregik, zenbait komunikabidek leporatu diotena gezurra dela frogatzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusitarako hautagaiaren kontrako txostena alderdi barruan landu dela berretsi du Egibar GBBko buruzagiak, eta "ardura politikoak" salatu. Zehazki, Txabarriri eskatu dio Gipuzkoako Ogasun sailean neurriak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu