memoria historikoa

Jaurlaritza amaitzen ari da 1968 eta 1978 arteko estatu indarkeriaren biktimei ordaina emateko dekretua

Biktima horiei kalte-ordaina dirutan jasotzeko, zer jasan zuten aitortzeko eta jendaurrean jakinarazteko, auzitara jotzeko eta erreparazioa izateko eskubidea onartuko die, 'Gara'-k gaur jakinarazi duenez. Horren ondoren, 1978tik orain artekoa egingo du.

2012ko urtarrilaren 19a
14:37
Entzun

Eusko Jaurlaritza 1968 eta 1978 artean estatuaren indarkeria jasan zutenei ordaina emateko lege dekretua ari da bukatzen, gaur Gara egunkariak jakinarazi duenez. Horren arabera, biktima horiei kalte-ordaina dirutan jasotzeko, zer jasan zuten aitortzeko eta jendaurrean jakinarazteko, auzitara jotzeko eta erreparazioa izateko eskubidea onartuko die. Kasuak aztertzeko batzorde berezi bat osatuko da.

Manuela Carmena da lege dekretua amaitzen ari den batzordeko presidentea. Kalte-ordaina dirutan 35.000 eta 135.000 euro bitartekoa izango da, jasandako kaltearen araberakoa. Azken diru kopuru hori hildakoen kasuan jasoko lukete horien senideek. Euskal Memoriaren Fundazioaren arabera, 62 izango lirateke gutxienez 1968 eta 1978 bitartean hildakoak.

Hurrengoan ere, Carmena presidente

Gainera, Jaurlaritzak 1979. urtetik orain arte estatuaren indarkeria jasan dutenen biktimei ordaina emateko batzordea osatuko du, eta horretan ere Carmena izango da presidente. 2011ko irailean eman zion Jaurlaritzak Carmenari motibazio politikoak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko dekretua egiteko ardura. Epaile ohia da Carmena, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izandakoa.

1983an hasi zen epaile gisa, Bilboko Instrukzio Epaitegiko bigarren aretoan. 1977an ultraeskuindarrek atentatu bat egin zuten Madrilgo Atocha kaleko abokatu bulegoko kide izan zen, eta garai hartan Madrilgo Instrukzio Epaitegian aritu zen. 1989an, Madrilgo Espetxezaintza Epaitegira igaro zen. Demokraziarako Epaileak elkartearen sortzaileetako bat da, eta Espainiako epaile aurrerakoienetako bat dela diote.

Carmena, atzo Madrilen, torturei buruz

Atzo torturei buruzko mahai inguru batean parte hartu zuen Carmenak Madrilen, eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak Euskadi Irratian gaur goizean adierazi duenez, epaileak esan zuen lan honetan hasi arte sekula ez zuela ikusia Unai Romanoren aurpegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.