Eskoziako independentzia erreferendumaren emaitzak izan ditu hizpide Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: "Gaurko albisterik garrantzitsuena ez da ezezkoa nagusitu izana, azpimarragarriena eta funtsezkoena da atzo eskoziarrek Europako Batasunaren barnean euren etorkizunari buruzko erabakia hartu zutela, askatasunean eta demokratikoki".
Independentziaren alde nahiz kontra egin, eskoziar guztiak zoriondu ditu, eta parte hartze handia nabarmendu du: "Normaltasuna izan da nagusi egunean eta kanpainan zehar, besteak beste errespetuzko eztabaida nagusitu zelako". Halaber, argudiatu du erabakitzeko eskubidea ez dela "lekuan lekuko nazionalisten aldarrikapena, printzpio demokratiko bat" baizik. Europako Batasunaren barnean erabakitzeko eskubidea gauzatzeagatik "ate bat ireki zaie estaturik gabeko nazioei", Erkorekaren arabera.
Ildo beretik, Iñigo UrkulluJaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du XXI. mendeko Europan estaturik gabeko nazio batek bere etorkizuna erabaki ahal izan duela "askatasunez", "negoziazioari eta akordioari esker".
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Britainia Handiaren batasuna nabarmendu du Eskoziako emaitzen berri izan ondoren. "Emaitzek agerian uzten dute herrialdearen batasuna nahi dutela herritarrek, baina lurralde bakoitzaren berezitasunak mantenduz, eskuduntzekin, tradizioekin eta, beti, herrialdea indartuz".
"Mundu global batean" hori da Barcinaren hitzetan izan daitekeen gauzarik onena "herritarren ongizaterako". Ohartarazi du "kontu handiz" hartu behar direla erabaki politikoak, "batzuetan gizartea gehiegi zatitzen delako eta gero sortutako desberdintasunak leundu behar direlako".
Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzea erabaki eta gero, erreferendumaren emaitzaren inguruko balorazioa egin dute euskal eragile politikoek. Radio Euskadin, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak nabarmendu du eskoziarrek "demokraziaren eta normaltasunaren festan" hartu dutela erabakia.
"Errespetu osoz eta inbidia askorekin" jarraitu du galdeketa: "Eskoziako adibidean garrantzitsua dena eredua da". Halaber, Euskal Herriari begiratuta, nabarmendu du aldea ez dagoela Edinburgoren eta Gasteizen jarreren artean, Londresek eta Madrilek dutenaren artean baizik.
Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, Euskadi irratian eginiko adierazpenetan azpimarratu du eskoziarrek erabakitzeko eskubidea gauzatu izana dela "benetako garaipena". Alde horretatik, bozketan independentziaren kontrako joera nagusitu izana ez du atzerapausotzat jotzen beste herrialde batzuetan, Euskal Herrian, kasurako, izan dezakeen eraginarentzat: "Eskoziarrek irabazi dute erabakitzeko eskubidea gauzatzea, eta hori sekulako lorpena da XXI. mendeko Europan".
PSE-EEk ohar baten bidez adierazi du orain "Euskadiko autogobernu aurreratua" dela Eskoziarrentzat eredu. Gaineratu du etorkizunean ez litzatekeela desiragarria "etorkizuna karta bakar batekin jokatzea, nazionalistek nahi duten bezala". Hala ere, azpimarratu du adostuta zegoela galdeketa, eta bi aldeek euren argudioak aurkeztu ahal izan dituztela, "berdintasunez".
"Eskoziako gizarteak gehiengo garbi batez erabaki du historian atzera ez egitea, eta etorkizunean aurrera egitea, batasunean oinarrituta", dio sozialisten oharrak.
Laura Garrido PPko EAEko legebiltzarkideak azaldu du gauza asko zeudela jokoan: "Independentziaren ondorioak, zalantzak, Europaren etorkizuna... eta bozkatu duen jendeak gauza horiek guztiak kontuan izanik erabaki du elkarrekin jarraitzea". Hala ere, Kataluniaren auziaren eta Eskoziakoaren artean "ezberdintasun handia" dagoela uste du: "Eskozia estatu bat izan zen, eta adostutako prozesu baten arabera egin da".
Javier de AndresArabako ahaldun nagusiaren arabera, erreferenduma "sekulako akatsa" izan da, uste baitu bost urte barru independentziaren aldekoek beste galdeketa bat egitea eskatuko dutela, ez direlako Erresuma Batuak proposatutako "estatus berriarekin" konforme egongo.
Independentistak sareak ere jardun du emaitzaren inguruan: "Eskoziako errenferendumak inflexio puntua markatu du erabakitzeko eskubidearen inguruan eta hemendik aurrera gauzak ez dira berdinak izango. Europaren baitan prozesu independentistak kudeatzeko paradigma berri bat sortu da. Demokrazian oinarritzen den paradigma".
LABen iritziz, "bi aldeak garaile egin dituen ariketa demokratikoa" izan da Eskoziako prozesua. Ezezkoak irabazi duen arren, sindikatuak uste du "benetako galtzaileak" proiektu politikoak herriaren gainetik "inposatu" behar direla pentsatzen dutenak direla.
ELAk eskoziarrak zoriondu ditu, "bidea urratzeagatik": "Europako Batasunean aurrekaririk ez duen erabakitzeko eredua izan da". Sindikatuaren ustetan, "borondate politikoak" egin zuen posible eskoziarrek erabakitzeko aukera izatea. Gaineratu du aurrerantzean gauzak ez direla "berdinak" izango, eta subiranotasunaren alde borrokan ari diren estaturik gabeko nazioek "ondorio ugari" atera ditzaketela erreferendumetik.