Azpiegiturak

Jaurlaritza Atlantikoko trenbide korridoreko "funtsezko eragilea" dela esan du Tapiak

Lehen aldiz esku hartu du Arku Atlantikoko Batzorde Betearazlearen bilera batean; tren lasterraren defentsa irmoa egin du sailburuak.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua, artxiboko irudi batean. DAVID AGUIAR, EFE
arantxa iraola
2018ko azaroaren 12a
14:02
Entzun

Frantziako eta Espainiako gobernuetako ordezkariek eta trenen azpiegiturez arduratzen diren Adif (Espainian) eta SNCF (Frantzian) erakundeetako arduradunek osatzen dute Arku Atlantikoko Batzorde Betearazlea. Atlantikoko trenbide korridorea osatzeko lanak zertan diren aztertzen dute. Biilera batean elkartu dira gaur Irunen (Gipuzkoa), eta lehen aldiz hartu du bertan parte Eusko Jaurlaritzak. Ekonomia Garapenerako sailburu Arantxa Tapia eta Euskotreneko zuzendari Imanol Leza izan dira bileran.

Korridore hori osatzeko oraindik "bide luzea" dagoela onartu du sailburuak, eta Jaurlaritzak lan horiek osatzeko inbertsioak "lehenestea" nahi duela. Erakundearen erabateko konpromisoa erakutsi du; Euskal Y tren lasterreko azpiegitura 2023rako martxan eduki nahi dutela esan du, eta ahaleginak egiten ari direla horretarako. Hain justu, gogora ekarri du lanen parte bat bere gain hartuta duela Jaurlaritzak, eta martxa onean ari dela: "27 zati dira guztira; hamabi bukatuta daude, eta besteetan lanen %70-%80 amaituta daude".

Onartu du azpiegiturari buruzko "mamuak" airean ibili direla. Hain zuzen ere, ekainean Europako Kontu Auzitegiaren txosten bat ezagutu zen dioena abiadura handiko trenen lineak "mantsoak, garestiak eta ez-eragikorrak" direla. Tapiak gogora ekarri du, ordea, berriki Europako Batzordeko Garraio komisario Violeta Bulc mintzatu dela gaiaz, eta Europa mailako "interoperatibitatea" hobetzeko egitasmo horiek duten garrantzia onartu duela. Horregatik, korridorea ezin dela bazter utzi esan du. Irun-Hendaia zatian obrak osatzeko dauden arazoez aparte, Bordele-Hendaia ardatza "definitu" behar dela esan du, eta estatuen konpromisoa eskatu du horretarako.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako tren azpiegitura berria eraikitzen ez ezik, hori "kudeatzen" ere ardurak hartu nahi ditu Jaurlaritzak, Tapiaren arabera. Euskal hiriburuen artean tren zerbitzuaz eskaintzeaz gain, Frantziako iparraldetik Jundizera helduko den "trenbideko autopistan" jarduteko interesa dutela esan du eta EAE eta Baiona arteko aldirietako trafikoak ere sustatu nahi dituztela. Euskotren horretarako behar diren baimenak lortzen ari dela azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.