Politika

Jaurlaritza: "Autodeterminazio eskubidea ez da negoziagarria"

Autodeterminazio eskubidea ez duela negoziatuko eta ez duela onartuko esan zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, Espainiako Kongresuan. Eusko Jaurlaritzak gaur erantzun die Zapateroren hitzei: "Autodeterminazio eskubidea ez da negoziagarria, herri guztiek duten eskubidea delako eta hori ukatzea herriaren existentzia bera ukatzea litzakeelako".

2006ko otsailaren 23a
18:57
Entzun
Espainiako Kongresuan Gobernuari egindako kontrol saioan Mariano Raxoik Zapaterori galdetu zion autodeterminazio eskubidea onartuko al duen. Zapaterok ezetz erantzun zuen, ez dutela onartuko. Berriro galdetu zion Raxoik: «Bakearen truke ez duzula ordain politikorik egingo eta autodeterminazio eskubidea ez duzula onartuko bermatzen duzu?». Zapaterok irmo erantzun zion. «Ez dakit ez duzun entzuten, ez duzun entzun nahi edo ez zaizun entzutea interesatzen. Ez. Berriro entzun nahi duzu? Ez».

Zapateroren hitz horien aurrean Eusko Jaurlaritzak adierazi du, autodeterminazioa ez dela negoziagarria "herri guztiek duten eskubidea delako". Autodeterminazio eskubidea "herri guztiek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubide demokratikoa da eta horrela biltzen dute Nazio Batuen Eskubideen Kartak, Eskubide Zibile eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak".

Era berean, ohartarazi duenez, "ezinezkoa izango da normalizazio politikorako akordioa lortzea, ez bada akordiorik lortzen Euskadiren erabakitzeko eskubidearen inguruan". Gai hau 1839an foruak ezeztatu zirenetik zintzilik dagoela gogorarazi du Jaurlaritzak: "Beraz, ETAren indarkeria bihozgabe eta izaugarriaren aurrekoa eta bereizia". Jaurlaritzak azpimarratu du Europan eskubide hau behin baino gehiagotan erabilia izan dela beti ere herritarren erabakia errespetatuz. Hori dela eta, eskubide hori nola gauzatuko den hitzartu behar dute alderdi politikoek Jaurlaritzaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.