Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasun sailburuak aitortu du ia ezinezkoa izango dela, erakundeek iragarri izan zuten bezala, AHT abiadura handiko trena 2016rako abian izatea. "Kasik segurutzat jo daiteke ez dela posible izango", esan du El Diario Vasco egunkariari emandako elkarrizketa batean.
"Obra zibila bukatzeko asko falta da. Amaituta dagoenean, beste lan asko egongo dira egiteko: argindar sistema, kontrol sistema, seinaleak, komunikazioak... Horrek denak gutxienez urte eta erdi eskatzen du. Beraz, uste dut 2016ko iragarpena betetzea oso zaila izango dela", adierazi du Tapiak. EAEko proiektua, gainera, "atzeratuta" doala azaldu du.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak iazko urrian jakinarazi zuen aurtengo aurrekontuetarako %40 gutxitu duela Euskal Y-arentzat. Sustapen Ministerioak obrarentzat 314 milioi euroko aurrekontua izan zuen 2012an, eta 190 milioi euro gorde ditu 2013rako —124 milioi gutxiago—. Iñaki Arriola Jaurlaritzako orduko Herri Lan eta Garraio sailburuak berehala adierazi zuen abiadura handiko treneko lanak ez direla amaituko aurrez zehaztutako epean.