Jaurlaritza: «Datuak positiboak dira, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu»

Koronabirusak 25 lagun hil ditu azken orduetan Hego Euskal Herrian. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak adierazi dute datuak «onak» direla.

Osasungintzako profesional bat koronabirusa detektatzeko proba egiten. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre - Paulo Ostolaza
2020ko apirilaren 22a
12:11
Entzun

Koronabirusak azken orduetan zer datu eragin dituen azaldu du Espainiako Osasun Ministerioak. Atzemandako kasu positiboak igo egin dira: 361 kutsatu berri izan dira, bezperan baino 95 gehiago. Guztira, pandemia hasi zenetik, 18.024 pertsonari atzeman diete koronabirusa Hego Euskal Herrian. 

Azken asteetan baino jende gutxiago hil du koronabirusak aste honetan. Denera, 25 pertsona zendu ziren atzo koronabirusean positibo eman ondotik, bezperan baino bederatzi gutxiago. Krisia hasi zenetik, berriz, 1.527 pertsona zendu dira.

Sendatuen kopurua ere goraka ari da oraindik, eta, azken orduetan, 500 pertsonari eman diote sendagiria. Denera, 8.967 gaixo sendatu dira Hego Euskal Herrian. 1.201 lagun ospitaleratuta daude oraindik.

Datuon analisia egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Mikel Sanchez Jaurlaritzako ordezkariak esan duenez, hildako eta kutsatutako pertsonak aurreko asteetan baino gutxiago izatea «seinale ona» da, baina ezinbestekoa da «zuhurtziaz jokatzen» jarraitzea. Datu «positibo» gehiago ere nabarmendu ditu; adibidez, adierazi du ZIUetako oheen okupazioa erdira murriztu dela pandemiaren garai gogorrenen aldean: «Datozen egunetan, osasun zentro batzuetan ez da COVID-19a duen pazienterik izango».

Datuei erreparatuz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino 52 kasu gehiago atzeman ziren atzo. Horri buruz galdetuta, Sanchezek erantzun du test gehiago egin izanaren ondorioa dela. Atzo 3.804 PCR proba eta 2.129 test azkar egin zituen Jaurlaritzak, eta, azaldu dutenez, «positibo eman dutenen ehunekoa murrizten ari da».

Nafarroan, egonkortasuna

Nafarroan, zahar etxeetako egoeraz jardun du Mari Carmen Maeztu kontseilariak. Haietan COVID-19a zuten 182 pertsona hil dira, eta 181, berriz, antzeko sintomekin. Kontseilariak azaldu duenez, «tentuz hartu behar dira, baina azken egunetako datuek egonkortasuna erakusten dute, ez baita kutsatze berririk baieztatu erresidentzietan». Hartutako neurrien garrantzia azpimarratu du.

Gainera, esan du astebetean hirukoiztu egin direla emandako sendagiriak (27tik 81era), eta desagertu egin dela sintomak izan eta probarik egin gabe zeudenen presentzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.