erreakzioak

Jaurlaritza: "Erabakia onartzen dugu; Euskadin elkarbizitza ezartzearen alde egingo dugu"

Raxoi: "Erabakia onartu eta errespetatu egiten dut. Ez du zentzurik gaiari buruz ezer gehiago esatea". Urkullu: "Auzia zentzugabekeria da". ELA: "Otegi-eta euren jarduera politikoagatik zigortu dituzte".

2012ko maiatzaren 9a
08:52
Entzun

Eusko Jaurlaritza: "Auzitegiaren erabakia onartzen dugu. Euskadin elkarbizitza ezartzearen alde egingo dugu".

Iñigo Urkullu (EAJko EBBko presidentea): "EAJk betidanik pentsatu izan du Bateragune auzia zentzugabekeria dela. Seguruenik, Gorenak zantzu eta uste jokoan jardun izan du, eta, aurrekoetan esan dugun moduan, horiek ezin dute oinarri juridikorik gabeko salaketarik edo zigortzeko epaia oinarrituko duten gertakari egiaztatuen deklaraziorik inoiz osatu”.

ELA: "Gorenak emandako epaia ezin da onartu, eta parte hartze politikorako eskubidea urratzen du. Epaia zantzu hutsetan oinarritzen da. Otegi-eta euren jarduera politikoagatik zigortu dituzte, eta Euskal Herrian bizi dugun prozesu politikoa kriminalizatzeko xedea du. Berriro exijitzen dugu zigortuen askatasuna".

Sabino Cuadra (Amaiurreko diputatua): "Euskal gizartearen gehiengoak Otegiren eta besteen askatasuna exijitzen du eta Espainiako Gobernuak entzun egin beharko luke eskaera hori. Gorenak emandako zigorra onartezina da erabat, eta epai politikoa da. Itxaropen garai hauetan prozesu honi hasiera eman zietenei zigorra ezartzea oso kezkagarria da".

Rafa Larreina (Amaiurreko diputatua): "Akusazioa guztiz kontraesangarria da eta Espainiako Justizia letra txikiz idatzita dagoela erakusten du. Zigorra jaisteak argi uzten du Espainiako Justiziak daukan kontzientzia karga".

Mariano Raxoi (Espainiako Gobernuko presidentea): "Erabakia onartu eta errespetatu egiten dut, epai denak bezala. Ez du zentzurik gaiari buruz ezer gehiago esatea".

Aralar: "Gogor gaitzesten dugu erabakia. Giza eskubideak modu honetara urratzen jarraitzea ikaragarrizko zentzugabekeria da. Euskal Herriko gatazkari konponbidea emateko lanean aritutako pertsonak espetxeratuta dauzkate. Bake prozesuan, normalizazio politikorako prozesuan, beste atzerapauso bat dakarrela uste dugu".

Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea). "Ez naiz egunero Otegirengan pentsatzen egoten. Justiziak egin behar duena egin du, eta Otegi kondenatu badute merezi duelako izango da, ezartzen dioten kondena ezartzen diotela".

Oskar Matute (Alternatiba): "Erabakiak Espainiak duen izaera demokratiko eskasa agerian utzi eta Euskal Herriarekin lotutako edozein erabaki judizialek inolako funtsik ez duela egiaztatu du. Indarkeria guztien amaiera lortu asmo zuen estrategia martxan jarri duten bost lagunek kartzelan segitzea bidegabekeria da. Epaiak Euskal Herriko kaleetan erantzuna izango du".

Mikel Arana (Ezker Anitza-IU): "Onartezina da edozein proiektu politiko zigortzea. Espainiako Konstituzioaren oinarrizko eskubideetakoa da askatasun ideologikoa, eta ez dirudi Auzitegi Nazionalak eta Gorenak hori aintzat hartzen dutenik. Bateragune auzikoak berehala utzi beharko lituzkete aske".

Juanjo Agirrezabala (EA): "Epaiak Euskal Herriak bizi duen prozesua kriminalizatzea du helburu. Sostenga ezina da".

Rafaela Romero (PSE-EE): "Publikoki ez dute kondenatuta zeuden deliturik egin".

Lokarri: "Epaia bidegabea eta onartezina da"

AVT: "Erabakiak argi uzten du Otegik eta beste bostek izaera terrorista dutela. Biktimok beti salatu izan dugu hori".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.