EUSKAL HERRIA

Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua batzartu dira gaur, bakegintzaz hitz egiteko

Bi bilera egin dituzte eta ordu eta erdi iraun du denera. Lehenengoan parte hartu dute Espainiako Gobernuko Segurtasun idazkari Francisco Martinezek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak. Bigarrenean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako zuzendaria hartu du Martinezek.

Berria.info
2013ko uztailaren 9a
20:20
Entzun

Gaur arratsaldean bildu dira Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, Madrilen. Bi bilera egin dituzte, Espainiako Barne Ministerioaren egoitzan, eta ordu eta erdi iraun du bilkurak, denera. Aurrenekoan parte hartu du Espainiako Gobernuko Segurtasun idazkari Francisco Martinezek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak, eta izaera "teknikoa" izan du.  Espainiako Estatuko Segurtasun Indarren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioaz mintzatu dira batez ere. Bigarren bileran, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako zuzendaria hartu du Martinezek.

Bigarren bilera horrek ikusmin handia piztu du azken asteen Eusko Jaurlaritzaren Bake Planaren inguruan eta ETAren biktimen memorialaren inguruan piztu den ika mika dela eta. Bilera amaitu ostean, "itxaropentsu" azaldu da Fenandez eta kazetarien aurrean eginiko adierazpen labur batean nabarmendu du hainbat gairi buruz hitz egin dutela eta ondorioztatu du bi gobernuen arteko elkarrizketa bideak "irekita" jarraitzen dutela. Fernandezek ez du argitu bilera horretan euskal presoez hitz egin duten edo ez. ETAren biktimen memorialari buruz, berriz, baieztatu du mahai gainean izan dutela gaia, argibide gehiago eman gabe.

Azken asteetan bi gobernuen arteko harremanak gaiztotu dira bakegintzaren alorrean. Bereziki, Madrilek kiritika gogorrak egin ditu Eusko Jaurlaritzaren Bake Planari buruz, eta ETAren biktimen Memorialaren inguruan batzuek zein besteek adierazpen ugari egin dituzte. Bi gobernuen arteko tentsio handituz joan da, eta pasa den astean, EAJk salatu zuenez, Espainiako Kongresuan «terrorismoaren biktimei» eginiko omenaldian Fernandez Diazek ez zuen Jonan Fernandez agurtu. Madrilgo gobernuak eta ETAren biktimen elkarte batzuek behin baino gehiagotan kritikatu dute Fernandez Bake eta Elkarbizitza Saileko zuzendari izendatu izana, argudiatuta HBko zinegotzi izan zela.

“Interes komuneko gaiak”

Bilera egin aurretaik, eta Gobernu Kontseilua egin ostean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du arratsaldeko bilera “emankorra izatea” espero duela. Bere ustez, “interes komuneko gaiak” jorratuko dituzte, eta “desadostasun artifizialak” ez sortzeko nahia azaldu du.

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak komunean dauzkaten puntuen artean, Bake eta Bizikidetzako Plana nabarmendu du Erkorekak, bai eta biktimen memoria ere. Plan horren idazkari Jonan Fernandezek batzarrean izango duen papera defendatu, eta haren “leialtasun instituzionala” nabarmendu du: “Lehen mailako erantzukizun publikoa dauka”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.