EAE-ko aurrekontuak

Jaurlaritza "mugitu" dela aitortu du EH Bilduk, baina oraindik ez nahikoa

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazurekin bilerak egin dtuzte gaur EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Azpiazuk zehaztu du 80 milioi euroko eskaintza egin diotela EH Bilduri —bi urtetan banauta, 2019rako eta 2010rako kontuetarako—, eta asteartean egingo dute beste bilera bat. Elkarrekin Podemosek "zaila" ikusten du akordioa lortzea.

Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko bilera, gaur, Gasteizen. FOKU.
2018ko azaroaren 16a
15:11
Entzun

Bi ordu luze iraun du Azpiazuren eta EH Bilduko legebiltzarkideen arteko bilerak, 10:00etan hasita. Handik irtetean, Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak adierazi du "mugitu, mugitu" dela Eusko Jaurlaritza, baina "oso gutxi". Iriartek azaldu duenez, gobernuak "onartu" du diru sarrera baxuak dituzten pentsiodunei osagarri bat ematea Jaurlaritzaren aurrekontuen bidez, baina zehaztu du "ezberdintasun handia" dagoela oraindik bi aldeek proposatutako diru sailen artean —420 milioi euroko kopurua aipatu zuen hasieran EH Bilduk; 2019ko aurrekontuetarako, 48 milioiko eskaintza egin du Azpiazuk—. Enplegua sustatzeko neurriak ere proposatu ditu EH Bilduk.

Oraindik, beraz, ez da "nahikoa" EH Bildurentzat Jaurlaritzak eskainitakoa. "Gure bi abstentzio nahi baditu, gehiago mugitu beharko du", esan du Iriartek.

Zehaztasun gehiago eman ditu Azpiazu sailburuak. Haren hitzetan, 80 milioi euroko proposamena egin diote koalizio subiranistari —bi urtetan banatuta—, haiek lehentasuntzat jotako arloetarako.

Ogasun sailburuak azaldu duenez, 35 milioi izango lirateke diru sarrera baxuak dituzten pentsiodunei laguntza osagarria emateko, baina hori ez denez Jaurlaritzaren eskumena, DSB diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez emango lukete laguntza hori. Beste 45 milioi euro, berriz, enplegu eta garapen politikak sustatzeko lirateke —pentsiodunen gain ez ezik, enplegu politiketan jarri zuen arreta EH Bilduk bere proposamena egitean—.

Iriartek esan du "sakon" aztertuko dutela Azpiazuk egindako proposamena. Asteartean bilduko dira berriz, 12:00etan.

Elkarrekin Podemos taldearekin ere bildu da Azpiazu. Ogasun sailburuarekin elkartu ostean, Jaurlaritzaren eta koalizioaren arteko akordioa lortzea "zaila" ikusten du Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Gizarte politikak norabidez aldatzeko "borondate falta" leporatu dio gobernuari. "Kontua ez da euro bat gehiago ala gutxiago. Ez gaude beherapenetan", ohartarazi du. Jaurlaritzak Elkarrekin Podemosen proposamena onartzeko jarri dituen "eragozpen" askok izaera "politikoa" dutela adierazi du Martinezek. Koalizioak Jaurlaritzaren erantzuna "sakon" aztertuko du, eta bihar jakinaraziko du negoziatzen jarraituko duen ala negoziazioak "itxitzat" jotzen dituen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.