Espainiako Osasun Ministerioak eguneratu ditu koronabirusaren inguruko datuak, eta Euskal Herrian azken egunetako joerak baieztatu ditu. Daturik txarrena, gaur, hildakoena da: 51 lagun zendu ziren atzo COVID-19aren ondorioz, azken egunetan baino gehiago, eta, guztira, 1.578 dira gaixotasunak Euskal Herrian hildakoak. Gainontzeko datuak azpimarratu ditu Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Hildakoen datua ikenduta, beste aldagai guztien garapena ona da; itxaropenez baina zuhurtziaz jaso behar ditugu datuok».
Osasun sailburuak beste datu bat eman du gaur, erietxeei buruzkoa, baieztatu baitu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada badirela COVID-19a duten gaixorik gabeko zentro batzuk. Murgak Arrasatekoa (Gipuzkoa), Lezakoa (Araba) eta Zaldibarkoa (Bizkaia) aipatu ditu, eta, haren arabera, osasun zentroetako egoera «etengabe eta modu deigarrian» ari da hobetzen.
Bestalde, 497 positibo atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta, denera, 18.624 dira baieztatutako kasuak. Sendatu kopuruak, berriz, goraka segitzen du, eta, azken orduetan, 614 gaixok jaso dute sendagiria. Denera, 7.226 pertsonak gainditu dute koronabirusa Hegoaldean.
Bi ikerketa
Datuak aipatu eta gero, Murgak iragarri du gaur sartuko dela indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren probak erregulatzeko araudia. Sailburuaren ustez, «ezinbesteko agindua» da: «Neurri honen bidez bermatuko ditugu testen segurtasuna, datuen komunikazioa eta proba egitean pazienteek izan dezaketen segurtasuna».
Murgak astelehenean abian jarriko dituzten bi ikerketaren berri ere eman du, eta, haren arabera, «gakoak» izango dira. Lehenengoa Espainiako Carlos III Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentzia ikerketa izango da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.000 lagun baino gehiagoren bilakaera aztertuko du Osakidetzak. Etxe batean bizi diren pertsona guztiei hartuko dizkiete laginak ikerketaren hasieran, eta, ondoren, prozesua errepikatuko dute handik hiru astera eta sei astera. Epe horretan kutsatze posibleak atzematea da asmoa.
Bestalde, sintomak izan arren PCR proba egin ez zaienak ere aztertuko ditu Osasun sailak. Pandemiaren hasieran asko geratu ziren egoera horretan, eta Jaurlaritzaren helburua da baieztatzea ea benetan koronabirusa izan zuten ala ez, gaixotasunak lurraldean izan duen hedapenaren irudi osatu bat egin ahal izateko. Pertsona horiek immunitatea duten ala ez ere aztertuko dute. Lehen fasean, 4.147 laguni egingo dizkiete probak.
Murgak azaldu duenez, bi proba horiek balioko dute pandemiak izan duen hedapena aztertu eta aurrerantzean «erabaki zuzenak» hartzeko.