ETAk joan den asteburuan egin duen iragarpenaren ostean, Eusko Jaurlaritzak gaur esan du erakunde armatuarekin biltzeko prest legokeela, horrek zalantzarik gabeko desarmea iragarriko balu. "Eusko Jaurlaritza ez dago prest aukera bakar bat galtzeko indarkeriaren amaiera eta bakearen eta elkarbizitzaren behin betiko egituratzea sendotzeko", esan du Erkorekak. Gogoratu du, gainera, demokrazia garaiko Espainiako gobernu guztiak bildu direla ETArekin.
Asteburuan ETAk Euskal Herrian konponbidea nahi dutenen artean "elkarrizketa prozesu zabala" abiatzearen alde egin du eta "berandu baino lehen prozesua elikatzeko ekarpen esanguratsuak" egingo dituela iragarri du. Erkorekak dio desarmea ezinbestekoa dela indarkeriaren amaierara heltzeko, baina horren inguruan "ETAk bere borondatea iragarri arte" hori nola egiaztatu ez espekulatzeko eskatu du. "Hortik aurrera martxan jarriko dugu martxan jarri beharrekoa".
Eusko Jaurlaritzaren oinarriak bost direla esan du: desarmea, eragindako minaren aitortza, biktima guztien erreparazioa, espetxe politikaren malgutzea eta lau alderdi handien arteko kontsentsuen bilaketa. Bost oinarri horiek Urkulluk mahai gainean jarri dituela esan du, besteak beste, aurreko astean Madrilen Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin izan zuen bileran. Ez du ezer gehiago gaineratu, ordea. Bide batez, Arantza Quiroga EAEko PPko burua kritikatu du Madrilgo bilera horretan ustez hitz egin zutena zabaltzeagatik.