euskal herria

Jaurlaritza uztailean hasiko da estatu indarkeriaren biktimei kalte-ordaina ematen

1960 eta 1978 arteko biktimei ordaina emateko dekretua asteartean onartuko dute. Ezenarro: "Benetan albiste handia da".

2012ko ekainaren 6a
16:51
Entzun

Eusko Jaurlaritza uztailetik aurrera hasiko da 1960 eta 1978 urteen artean estatu indarkeriaren ustezko biktimak izan zirenen kasuak aztertzen, eta beraz, ordutik aurrera hasiko da kalte-ordaina ematen. Biktima gisa onartzen dituztenek 35.000 eta 390.000 euro arteko kalte-ordainak jasoko dituzte.

Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburuak gaur eman du dekretuaren xehetasunen berri Eusko Legebiltzarrean, biktimen inguruko lantaldean. Datorren asteartean onartuko dute.

Biktima horiei kalte-ordaina dirutan jasotzeko, zer jasan zuten aitortzeko eta jendaurrean jakinarazteko, auzitara jotzeko eta erreparazioa izateko eskubidea onartuko die dekretuak. Hasiera batean, 1968. urtetik aurrerako biktimak sartu zituzten zirriborroan, baina Jaurlaritzak aldaketa egin zuen ondoren.

Dekretua EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta hilabeteko epean, Jaurlaritza biktimen kasuak aztertzeaz arduratuko den batzordearekin bilduko da. 

Jaurlaritzaren arabera, estatu indarkeriaren ondorioz 62 lagun hil ziren 1978. urtera arte, baina soilik 25 lagunekin lortu du harremanetan jartzea.

Ezenarro: "Benetan albiste handia da"

Aintzane Ezenarro Aralar taldeko legebiltzarkidearen ustez, “benetan albiste handia da", eta gaineratu du jende asko aritu dela 2007tik horren alde lanean. 1978tik gaur egun arteko biktima polizialak ere errekonozituko dituen bigarren dekretua behar dela adierazi du. "Azpimarratu nahi duguna da lehenengo urratsa eman dela eta gauzak egiten direnean, ondoren, beti dago hobetzeko modua, baina garrantzitsua zena zen urrats hori egitea eta hori behintzat egingo da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.