Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritza kondenatu du Ertzaintzako agenteen «osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik». Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko aretoak partzialki onartu du Erne sindikatuak aurkeztutako auzi eskea, eta Eusko Jaurlaritza kondenatu du «Ertzaintzako agenteen integritate fisikorako eskubidea urratzeagatik». Erne sindikatuak salatu zuen Jaurlaritzak ez dituela segurtasun neurri eta protokoloak bete, eta epaitegiak arrazoi eman dio orain sindikatuari.
Bere garaian egin gabe utzitako lanak egitera kondenatu du epaiak Jaurlaritza. Ahozko auzi saioa egitean, ondorengo neurriak hartzera behartu zuen Jaurlaritza: agente guztiei babesteko baliabideak ematera, hala nola maskarak, betaurrekoak, erabili eta botatzeko eskularruak, hondakin infekziosoen buzoak eta edukiontziak".
Epaitegiaren arabera, segurtasun protokoloak ez bete izanak arriskuan jarri ditu Ertzaintzako langileak. Epaiak zehaztu du aurreikusten zaila zen egoera bat izan dela, baina argi azaldu du erreakzionatzeko orduan «akats larria» egin duela Jaurlaritzak.
Ernek egindako beste eskaera batzuk atzera bota ditu epaitegiak, hala nola bulegoak eta ibilgailuak desinfektatzeari buruzkoak. Epaiaren arabera, hasieratik ezarri zituzten protokoloak horretarako.