Basque Country marka saldu nahi du Eusko Jaurlaritzak nazioartean, batez ere, Alemanian, Txinan, AEBetan eta Mexikon. Eta, horrez gain, bertako enpresak zein herrialdetako merkatuetan sartzea nahi duen ere adierazi du: Brasilen, Errusian, Turkian, Australian, Kolonbian, Indonesian, Malaysian, Perun, Singapurren, Hegoafrikan eta Vietnamen.
Nazioartekotzeko Estrategia 2020 izenaren pean, nazioarteko organoen aurrean EAEk duen posizioa indartu eta erkidegoaren eragina areagotu nahi du Jaurlaritzak. Europako Batasunean "espazio propioa" bilatu nahi du, eskualde abangoardisten artean "erreferentzia izateko".
Zortzi eskualderekin lankidetza hitzarmenak egingo ditu Jaurlaritzak. Besteak beste, Akitania, Flandria, Bavaria, Queretaro eta Jiangsu aipatu dituzte. Horrekin batera, Euskal Etxeen sarea handitu nahi da: 200 izatera heltzea da helburua, baina gutxienez hamar berri irekitzea planteatu dute (egun, 187 daude 25 herrialdetan).
Planak Nazioartekotzearen Kontseilua sortzea ere aurreikusten du, Jaurlaritzak, aldundiek, SPRIk eta merkataritza ganberek osatuko luketena: EAEko enpresek kanpoan duten presentzia indartzeko zein tresna aktibatu beharko liratekeen erabakiko lituzke.
105 milioi euro bideratuko ditu zeregin horietara, hiru urtetan banatuta.