Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian, Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) suteko kaltetuei emango dizkieten laguntzen berri emateko. 150.000 euroko diru sail bat onartu du Jaurlaritzak, bizilagunek "oinarrizko beharrak" beteta eduki ditzaten. "Pasaiako Udalak kudeatuko du diru hori, familien beharren eta egoeraren arabera", azaldu du Aburtok. Bestalde, datozen egunetan 28 familiak Donostiako etxebizitza sozialetan hartuko dute ostatu —25 Morlansen eta hiru Intxaurrondon—. Hilaren 25a baino lehen gauzatuko da hori. Aurreneko sei hilabeteetan ez dute dirurik ordaindu beharko. Bestalde, Jaurlaritzak Pasai Antxoko hainbat etxebizitza sozial jarriko ditu kaltetuen esku, baina horiek maiatzaren amaiera arte behintzat ez dira prest izango. Familia bakoitzaren egoera ekonomikoaren arabera finkatuko dute alokairu soziala.
Ertzaintzak sutearen arrazoiak ikertzen jarraitzen du. Hipotesi nagusiaren arabera, itsas bengala batek sortu zuen Urtezahar gaueko sutea.