Azpiegiturak

Jaurlaritzak 60 milioi euro esleitu ditu AHTren zati baterako

Ordizia eta Itsasondo zeharkatuko ditu trenak, ia hiru kilometro, eta eremu hori da Jaurlaritzak finantzatuko duen aurrena. Iaz Itsasondon egindako galdeketan herritarrek ezezkoa eman zioten proiektuari.

2007ko uztailaren 24a
14:02
Entzun
Ordizia eta Itsasondo (Gipuzkoa) herrien artean Abiadura Handiko Trenaren (AHT) zatia egiteko 60.290.003 euroko esleipena bideratu du gaur Eusko Jaurlaritzak. 2.859 metrokoa zatia izango da, eta horietatik %98 tunel baten bidez zeharkatuko ditu trenak.

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2006ko apirilaren 24an lortu zuten Gipuzkoako eremua gauzatzeko akordioa, eta, horko lanen ondoren, Jaurlaritzak Kupotik deskontatuko du inbertituko duen dirua. Hain zuzen, Ordizia-Itsasondo da AHT egiteko Gasteizek finantzatutako lehen eremua.

Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzaren Garraio sailburuaren ustez, "albiste paregabea" da, "aurrerapausoa baita, Arabakoak eta Bizkaikoak bezala. Euskal herritarrak AHTren bidez Europako abiadura handiko sarean sartuko gara".

Itsasondon protesta

AHTren bidearen "lanak gelditzea" helburu hartuta, hiru eguneko topaketa egin zuen lehengo astean Goierriko AHT Gelditu Elkarlanak Itsasondon. Ordiziara bitarteko bidea egin zuten oinez, "AHTren zentzugabekeria salatzeko".

Mendi martxa ere egin zuten. Trenbideak izango duen ibilbidea ikusteaz gain, duela hilabete ingurutik Itsasondon egiten ari diren zundaketak bisitatu zituzten. Denera sei lagin hartu behar dituzte Itsasondon eta, oraingoz, bi daude martxan.

Gaur Danel Etxeberria Itsasondoko zinegotziak kritikatu egin du erabakia. 2006ko abenduaren 3an herrian egindako galdeketan herritarrek AHTren proiektuari ezezkoa eman ziotela gogoratu du, eta Jaurlaritzari hori errespetatzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.