Eusko Jaurlaritzak komunikatu bat atera du esanez proposamen bat egin duela idatziz, aurten 400.000 euroko diru laguntza gehigarria aginduz, eta datorren urtean 350.000 eurokoa, Inbiomeden jarraipena bermatzeko. Diputazioari eta Kutxari diru gehiago jartzea eskatzeaz gainera, hainbat baldintza jarri dizkio enpresari, besteak beste bideragarritasuna bermatzeko "berregituraketa" eta "espezializazio ildoak lehenestea" bideragarriak ez diren proiektuak baztertzeko.
Inbiomeden "nagusiek" eman ez dioten irtenbidea proposatzen ari dela esan du Jaurlaritzak, eta haiek, Gipuzkoako Diputazioak eta Kutxak, aurten diru gehiago jar dezatela eskatu du. Jaurlaritzaren arabera, "instituzio honek dirulaguntzen deialdi guztiak mantendu ditu, eta Inbiomedek ere, gainerako zentro teknologikoek bezala, haiek hartzeko aukera izan du". Hori dela eta, "Inbiomed Fundazioaren nagusiak dira egoeraren arduradun bakarrak, 2013rako zentroak egindako aurrekontuak bete ez dituztelako". Horregatik jaurlaritzari "onartezina" egiten zaio Martin Garitanok joan den larunbatean Gasteizi egindako kritikak.
Garitanoren kritikak
Jaurlaritzak hartutako konpromisoak bete ez izana leporatu zion Garitanok joan den larunbatean, Gasteizek eta Kutxak "eskuak gabitzen" dituztela auzi honetan, eta bera bakarrik ez dela gai arazoari aurre egiteko. Enpresa hartzekodunen konkurtsora joan daitekeela ere nabarmendu zuen. Ohar baten bidez azaldu zuenez, Jaurlaritzak ekainean konpromiso bat hartu zuen: esan zuen irailerako jakinaraziko zuela Inbiomeden finantza arazoen inguruan zein erantzun emango zuen, defizit helburuak malgutu ostean izango zituen baliabideak ikusi ostean.
Garitanoren arabera, diputazioak 300.000 euroko ekarpena egin du dagoeneko, eta beste 400.000 eurokoa egiteko konpromisoa hartu zuen.
Inbiomed medikuntza erregeneratibo ikerketan aritzen da, ama zelulen bidez. Hainbat murrizketa eginak ditu, erregulazio espediente baten bidez hamabi langile kaleratzeko asmoa ere tartean da, eta horrek bularreko minbiziaren gaineko ikerketa lerroa bertan behera geratzea eragingo luke.