Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko zentro berria abian jarri dute Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak, Osakidetzak eta O+berri ikerketa zentroak. Uneotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kronikotasunari aurre egiteko dauden hamalau proiektuetako bat da, eta egoitza nagusia Asuan du (Erandio, Bizkaia). Eritasun kronikoak dituzten pertsonei osasun zerbitzu egokiagoak eskaini ahal izateko ikerketak egitea du helburu Kronikgunek.
Munduan dagoen era horretako lehenengo zentroa izango da Asuakoa. Hala ere, egiten diren ikerketak ez dira soilik horra mugatuko. Hainbat eremutanprobak egingo dira, eskainitako zerbitzuek gaixoengan dituzten ondorioak ikusteko. Horietan lortutako emaitzak aztertuta, sistema horiek gainontzeko lekuetan aplikatu ala ez erabakiko da; bai Espainia mailan, baita munduan ere. Izan ere, baliteke toki batean egoki funtzionatzen duenak beste batean hala ez egitea. Eta, horregatik, denetan atentzio eta prestazio berak eman ahal izateko, leku bakoitzean behar diren baliabideak eskainiko dira.
Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak argi utzi du aldatu beharrekoa osasun sistemaren antolaketa dela. «Gaur egungo osasun zerbitzuen egitura 70eko hamarkadan ezarri zen; geroztik, aurrerapen ugari egin dira sendagaiei eta teknologiei dagokienean, baina sistemak bere horretan jarraitu du, eta zaharkiturik geratu da», adierazi du. «Horregatik», gaineratu du, «Kronikgunek zerbitzuak beste era batera nola eman ikertuko du, eta laguntza, ikerketa eta kronikotasuna izango dira hiru oinarri nagusiak».
Bengoaren arabera, bestetik, «geroz eta jende gehiagok nahiago du etxean geratu, eta gure helburua ere hori da». Baina, zerbitzuak etxebizitzetan zuzenean eskaintzea, horrek dituen ondorioak frogatu gabe, kaltegarria izan daitekeela uste du. «Ezin dugu aldez aurretik zerbait ona dela esan jende gehienak hala nahi duelako; horren ordez, ikerketa abian jarri eta gauzak probatu behar dira, eta ondoren, emaitzak aztertuta, sistema ona den ala ez erabakiko dugu», esan du.
Osasun Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza sailburuorde Olga Riverok aditzera eman du EAE aitzindari dela gisa horretako ikerketetan. Roberto Nuño O+berri ikerketa zentroko zuzendariak, halaber, proiektuaren garrantzia azpimarratu du. «Azken batean, 25 urte barru munduko herrialderik zaharrena izango gara, Japoniaren aurretik, eta horri erantzun ahal izateko prest egon behar dugu».
Jaurlaritzak abian jarri du eritasun kronikoen ikerketarako zentro berria
Kronikgune sortu du Jaurlaritzak, Osakidetza eta O+berri institutuarekin batera; udan hasiko da lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu