Azken egunetan pandemiaren goraldia nabarmena izan da Europa osoan, eta hainbat herrialdetako agintariek gomendio berriak eman dizkiete herritarrei. Horixe egin du Clement Beaune Europako Gaietarako Frantziako Estatu idazkariak, eta Espainiara eta Portugalera ez bidaiatzea gomendatu du, herrialde «seguruagoak» badaudela argudiatuz. Horri erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok adierazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa helmuga turistiko «seguruak» direla, «sektore turistikoari aplikatu zaizkion segurtasun neurriengatik».
Hurtado Sailburuak azpimarratu du Frantziak ez duela debekatu Espainiara bidaiatzea: «Gomendio soil bat da, eta joan-etorriak baimendua daude» adierazi du sailburuak.
Sailburuaren iritziz, gomendio horrek ez du eraginik izango bisitariak Euskal Herrira iristeko orduan, Eusko Jaurlaritzak egindako kanpaina turistikoa «turista nazionalari» bideratua izan baita. Hala ere, ateak ireki nahi izan dizkio bertako segurtasun neurriak bete eta jende pilaketak saihestuko dituen edonori.
Bitartean, Osakidetzak eta Osasunbideak gaur jakinarazitako datuen arabera, 905 kutsatu gehiago antzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian.