Euskal Herrian Euskaraz-ek elkarretaratzea egin du gaur Barakaldoko BEC erakustazokaren atarian (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzaren lan eskaintza publikoaren "iruzurra" salatzeko. Areto barruan Osakidetzan euskaraz leloa zuten pankartak zabaldu dituzte lehen solairutik.
"Osakidetzako eta Hezkuntza saileko oposaketetatik 2.000 kontratazio berri baino gehiago aterako dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrekin harreman zuzena edukiko duten profesionalen kontratazioak izango dira ia denak. Beste behin ere, oposaketa hauetatik euskara eta euskaldunak aterako dira galtzaile. Ez da kasualitatea", salatu dute EHEk.
Jaurlaritzak azken urteetan deitutako oposizio handienak hasi ziren atzo BECen: 4.693 lagunek egin zuten azterketa Osakidetzan administrari aritzeko 30 postuetarako. Gaur, 40.000tik gora lagunek egingo dute, eta bihar amaituko da bloke nagusia.