Auto bati su eman diote atzo goizaldean Arrasaten (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzak erasoa AHTaren aurkako borrokarekin lotu du, autoaren jabea trena eraikitzeko lanetan ari delako. Zabaldu duten berrien arabera, bi lagunek hartu dute parte erasoan. Kristalak hautsi eta gero suziri bat bota dute auto barnera ihesari ekin baino lehen. Betiere Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren iturrien arabera, biktima langile arrunta da, eta ez du inolako ardurarik obretan. Erasoa gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi AHTa eraikitzen ari diren langileei.
Erasoaren berri izan bezain laster erakunde eta alderdi gehienetako ordezkariek bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak zabaldutako bertsioarekin eta erasoa gaitzetsi. PSE-EE, EAJ, PP eta Espainiako Gobernuko ordezkariek berretsi dute AHTa eginen dela. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak azpimarratu du, haren ustez, AHTa gizartearen eskakizuna dela, eta oinarrizkoa dela garapen ekonomiko zein sozialerako. PSE-EEk bide beretik jo du, eta euskal herritarrei AHTaren aldeko «jarrera argia» erakusteko eskatu die. Eneko Goia Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileari, berriz, onartezina iruditzen zaio ekintza. Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak ekintza gaitzesteko eskatu dio Ino Galparsoro Arrasateko alkateari. Galparsoro ANVrekin aurkeztu zen hauteskundeetara. EAk eta Alkarbidek ohar bana kaleratu dute. Biek ekintza gaitzetsi dute.
Ezker Batuak eta Aralarrek erekale erasoa gaitzetsi dute, bere eginez AHTaren aurkakoa izan dela. Aralarrek berretsi du proiektuaren aurkakoa dela, etanabarmendu haren ustez ezin dela aurre egin atentatuekin eta Arrasateko ekintzarekin. Ezker Batuak AHTaren aurkako borroka baketsu eta demokratikoaren alde egin du, eta zehaztu ez dela indarkeria erabili behar.
Arrasateko PSE-EEk erasoaren aurkako mozioa aurkeztu du udalean. «ETAk egindako erasoa» gaitzesteaz gain, elkartasuna adierazi die biktimei eta babes osoa eman AHTari.
Jaurlaritzak AHTarekin lotu du auto baten aurka egindako erasoa
PSE-EEk mozio bat aurkeztu du Arrasateko Udalean haren ustez «ETAk egindako erasoa» gaitzesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu