Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lehen aldiz aitortu du Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin harremanetan daudela. "Izan ere, askatasunaren eta bizikidetzaren arloetan gertatzen den ezeretik kanpo ez dugu egon nahi", esan du gaur, Erriberabeitian.
Egiaztatze Batzordeak azken bi egunetan Bilbon egin du bilera, eta atzo zioen hainbat eragilerekin batu dela, baina ez zuen aipatu Jaurlaritza. Lopezek ez du zehaztu elkartu egin direnik.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak esan du bere exekutiboari "axola zaion bakarra polizia indarrek atxiloketekin egiten duten egiaztatzea" dela. "Egiaztatzearen kontu honetan guretzat azken helburua ETAk armak uztea da, erakunde terrorista gisa desegin dadila".
2011ko irailaren 28an sortu zuten Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eta, haren arabera, egunotan alderdiekin (PSE, EAJ, "ezker abertzaleko alderdiekin"), sindikatuekin (UGT, CCOO, ELA, LAB), enpresarioen elkarteekin (Confebask), elizako ordezkariekin eta beste "euskal autoritate" batzuekin bildu dira.
Ezker abertzaleak positiboki baloratu ditu aste honetako gertakariak
Ezker abertzaleak gaur oso positiboki baloratu ditu aste honetako gertakariak, Frantziako Legebiltzarrak presoak gerturatzen onartutako mozioa, D3Mko eta Askatasunako auzipetuen aurkako epaiketari data jarri izana eta Egiaztatze Batzordearen txostena, non zioen ETAk berretsi dioen prozesua atzeraezina dela.
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak esan du "logikoa" dela Egiaztatze Batzordeak ETAri armarik gainean ez izateko eskatzea, eta adierazi du ziur dela ETAk eskaera horren gainean eta armak eramateak dituen arriskuen gainean hausnarketa egingo duela.
Esan du ETAk pausoak ematen jarraizen duela eta Espainiari eta Frantziari dagokiela orain urratsak egitea. Egiaztatze Batzoderdeak Espainiako Gobernuarekin harreman "normalak" eduki ahal izatea espero duela esan du Ugarteburuk: "Hitz egitea tokatzen zaie, ETArekin edo bitartekariekin gatazkaren gai teknikoei heltzeko".
PPeri dei egin dio ezker abertzaleak arduraz jokatzera, eta espetxe politika aldatu, kriminalizazioa eta jazarpena amaitu eta erakunde politikoak legeztatzeko eskatu dio.