Koalizioko legebiltzarkide Marian Beitialarrangoitia, Laura Mintegi, Rebeka Ubera eta Julen Arzuagak, Durangaldeko Mañaria, Atxondo, Mallabia eta Zaldibar herrietako alkateekin batera, agerraldia egin dute Durangoko AHTaren lanetan. Ohartarazi dute Jaurlaritzak, aurrekontu proiektuan, 366 milioi euro abiadura handiko trena egitera bideratzeko asmoa duela: hori "dirua xahutzea" dela uste du koalizioak.
“Gure ustez inoiz ez da zentzuzkoa izan, baina are gutxiago egun, premiazko beharrak asetzeko dirurik ez dagoela esaten ari zaizkigun honetan. Hezkuntzan, osasunean, gizarte babesean hain murrizketa latzak egiten diren garaian, AHT lehentasunezko jotzea, herritarren interesak guztiz albora uztea esan nahi du”, azaldu du Beitialarrangoitiak.
Halaber, nabarmendu du azpiegitura horrentzat aurreikusita zegoen aurrekontua, 4.100 milioi euro, gainditu egin dela eta oraindik lanen erdia geratzen dela egiteke.