ENERGIA

Jaurlaritzak aurrera segiko du parke eolikoen proiektuekin

Behin-behinean bertan behera utzia zuen tramitazioa, baina aurrera jarraituko duela iragarri du, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioekin eta Eudelekin akordioa lortu baitu. Ganekogortan (Bizkaia) eta Mandoegin (Gipuzkoa) parke eolikoak egingo dituzte, eta beste 12 gunetan ere jarriko dituzte haize errotak. Ordea, Natura2000 sarean daudenak ez dituzte egingo, oraingoz.

2010eko otsailaren 22a
18:58
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haize errotak jartzeko egitasmoekin. Akordiorik ez zela eta, behin-behinean geratu egin zuen gisa horretako 14 proiektuen tramitazioa, baina adostasuna lorturik, aurrera egingo du. Bernabe Unda Industria sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak akordioa egin duela Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioekin eta Eudelekin. Arabarekin, berriz, ez.

Parke eolikoak jartzeko ingurumen eraginen txostena egitea Jaurlaritzari dagokio. Horrekin ados ez, eta aurka azaldu ziren diputazioak eta Eudel. Aurrerantzean ere Jaurlaritzaren ardura izango da txostenak egitea, baina konpromisoa hartu du horiek "ahalik eta kontsentsu handienaz" egiteko.

Akordioa lorturik, 14 parke eoliko egiteko tramitazioarekin aurrera segituko du Eusko Jaurlaritzak. Ganekogortan (Bizkaia, Arabako mugan) eta Mandoegin (Gipuzkoa, Urnieta eta Berastegi artean) egingo dituzte parke nagusiak. Beste dozena bat txikiagoak izango dira. Araban, honakoak: Eltziego, Mañueta, Campeador, Cantoblanco, Motxotegi eta Zanpazu. Bizkaian, berriz, hauexek: Jata, Zierbena, Sollube, Atxuriaga eta Galdames. Proiektu batzuek badute dagoeneko aldeko ingurumen txostena, eta aurreratuxeak daude tramitazioak. Beste batzuek orain eskatu beharko dute txostena.

Erabaki dute, ordea, Natura2000 sarean dauden guneetako parkea ez dituztela egingo. Gipuzkoako Gazume, eta Arabako Arkamo, Alda eta Iturreita dira bertan behera geratutako egitasmoak. Bizkaiko Ordunte eta Kolometa atzera bota dituzte behin betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.