Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak 2020rako Euskadiko Energia Estrategiaren azalpenean azaldu du EAEn gaur aldean energia gutxiago kontsumituko dela datozen urteetan, eta ordurako energia fakturan bost mila milioi euro aurreztu nahi direla. Gainera, haren arabera, CO2 emisioak %18 murriztuko lirateke.
Euskadiko Energia Estrategia berria hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: energia aurrezpenaren apustua, energia berriztagarrien sustapena eta energiari lotutako euskal industriaren indartzea.
Energia aurrezteko, energia eraginkortasuna bultzatzea edota energia elektriko gutxiago kontsumitzea nahi du Jaurlaritzak, eta energia intentsitatea —hau da, produzituriko aberastasunarekiko kontsumiturikoa—, %22 murriztuko litzateke.
Energia berriztagarriak sustatzeko, %14-%17ra arteko proportziora igaroko litzateke EAEko energia garbien erabilera, egungo %8tik abiatuta. Hori energia eolikoak nahiz beste energia berriztagarri batzuek 2020ra artean izango duten teknologia garapenaren arabera baldintzatuta dago. Energia berriztagarrien aprobetxamendua %1 gehitzeko, panel fotovolaikoen 600 MW inguru instalatu behar dira edo, bestela, 300 MW inguru aerosorgailuetan.
Estrategiaren beste helburu bat petrolioaren erabilera urritzea jarraitzea da. Horrek esan nahi du petrolioaren azken kontsumoa %9 murriztu nahi dela 2020an 2010ekoarekin alderatuz eta, horrenbestez, garraio sektorearekiko lotura murriztea bultzatuko litzatekeela (37.100 ibilgailu elektriko) eta errepideko garraioan energia alternatiboak %15 izatera iritsiko liratekeela. Are gehiago, epe luzeagoko xede gisa, 2050ean energia erabileretarako 'zero petroliora' iristea planteatzen du Jaurlaritzak.
Halaber, Jaurlaritzak energiarekin loturiko euskal enpresen garapen teknologiko eta industriala sustatzea hartu du helburutzat, %25 gehiago faktura dezaten, eta, ondorioz, hurrengo urteetan 10.710 milioi euroko inbertsioak izan daitezen.
EAEn energiaren arloan 24.000 lagun ari dira lanean, 356 enpresatan. Sektorearen fakturazioa 15.469 milioi eurokoa da.
2020rako Euskadiko Energia Estrategia (3E2020) sei hilabetez landu du Jaurlaritzak. Unda sailburuak esan duenez, hainbat eremuko berrehun eragile pasak hartu dute parte. Azken estrategia 2010ean amaitu zen.