Politika

Jaurlaritzak debekatu arren, Guardia Zibilak hildako hiru etakideren omenaldiari eutsi egin diote antolatzaileek

Ertzaintzak galarazteko ahaleginik ez dezala egin eskatu dio amnistiaren aldeko mugimenduak Juan Jose Ibarretxe lehendakariari. Debeku horrekin Jaurlaritzak "mozorroa erantzi" duela iritzi dio. Parte hartzeko deia egin die herritarrei. Eusko Legebiltzarreko Ezker Abertzalea taldeak ere gaitzetsi egin du erabakia.

2007ko abuztuaren 16a
17:27
Entzun
Jaurlaritzako Herrrizaingo Sailak debekatu arren, Guardia Zibilak 1991n Donostiako Morlans auzoan tirokatuta hil zituen ETAko hiru kideen omenaldia egiteko asmoa berretsi du amnistiaren aldeko mugimenduak. Erabaki horrekin Jaurlaritzak "mozorroa erantzi" duela salatu dute, amnistiaren aldeko mugimenduaren arabera, beste batzuetan Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakietan oinarritu baita Gasteizko Gobernua halako erabakiak hartzeko, baina oraingoan bere ekimenez galarazi baitu.

Ildo horretatik, Morlansen hildako hiru lagunen senide eta lagunek ez duten haiei omen egiteko eskubiderik galdetu diote Juan Jose Ibarretxe lehendakariari, eta eskatu diote Ertzaintzaren esku hartzerik ez baimentzeko, "istiluak eragozteko".

Bihar 18:00etan Morlansen elkarretaratzeko deialdia berretsi du amnistiaren aldeko mugimenduak, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Eusko Legelbitzarreko Ezker Abertzalea taldeak ere gaitzetsi egin du Jaurlaritzak hartutako erabakia, eta EAJk, EAk eta EBk osatzen duten hirukoari eurek proposatutako 'Giza eskubide, zibil eta politikoak errespetatzeko plana' debeku horrekin nola uztartzen den galdetu dio.

Duela 16 urte, 1991ko abuztuaren 17an, Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Mikel Leunda etakideak hil zituen tiroka Guardia Zibilak Morlans auzoko etxebizitza batean. Iaz Askatasunak egin zuen omenaldirako deialdia, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak galarazi eta eragozteko agindu zion Ertzaintzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.