Eusko Jaurlaritzak herenegun Amnistiaren Aldeko Mugimenduek (AMM) iganderako deitua zuten manifestazioa debekatu eta gero, AMMek gaur beste deialdi bat iragarri dute egun bererako. Goizean jakinarazi dute hori, eta Jaurlaritzak eguerdirako esan du bigarren deialdi hori ere galarazi egin duela, aurrekoaren "jarraipena" delako. AMMek ondoren jakinarazi dute eutsi egingo diotela deialdiari.
Jaurlaritzaren Barne Sailak, aurreneko deialdia debekatzeko arrazoien artean, baimena epez kanpo eskatu izana eta "istiluak" sortzeko arriskua aipatu zituen. 13:30erako zegoen deitua manifestazioa, Autodeterminazioa eta amnistia lelopean. Deialdi hura egin zuen lagunak bertan behera utzi du eskaera.
Iganderako bigarren deialdiaren arabera, 13:45ean hasiko da manifestazioa, Bulebarrean, Oihana Agirre AMMen ordezkariak gaur Donostian emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
Euskal presoen "egoera larria" dela salatu du Agirrek, eta haien alde mobilizatuko direla igandean. Gaur egun hamabi presok oso gaixotasun larriak dituztela esan du eta, Espainiako legediaren arabera, 150 baino gehiagok kalean egon beharko luketela, "zigorra beteta dutelako, baina bizi arteko zigorra ezarri diete". Gaixo dauden eta espetxealdia luzatu dieten zenbait presoren senidek lagundu diote agerraldian.
Jaurlaritza kritikatu du, bide batez, Agirrek. "Gasteiztik elkarbizitza plana bultzatzen duten bitartean, euren egiazko plana Madriletik zuzendutako ezker abertzalearen aurkako gurutzadari babesa ematea da: ezker abertzalearen ekimenak debekatuz (Morlans, Zornotza...), edo ezker abertzalea instituzioetatik kanpo uzteko egin duten apustua. Debeku horien atzean erabaki politikoa dago, eta ez da kasualitatea AAMetik egin diren azken deialdiak zuzenean Herrizaingo Sailak berak debekatzea, ez Madrilek".
Kontxako estropaden bigarren igandean antolatu ohi dute presoen aldeko manifestazioa, duela 30 bat urtetik.
Presoak
Jaurlaritzak debekatu egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduen bigarren manifestazio deialdia ere
Aurrekoaren "jarraipena" dela iritzi dio Barne Sailak. AAMek eutsi egin diote manifestazioari. Jaurlaritzak aurreneko deialdia, baimena epez kanpo eskatu zutela eta "istiluak" sortzeko arriskua zegoela argudiatuta galarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu