Azpiegiturak

Jaurlaritzak dio AHTri esker trenaren bidezko merkantzia garraiatzeko gaitasuna %200 haziko dela

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste trenbideetan "hobekuntzak" egin nahi dituzte, merkantzia garraiatzeko ahalmena beste horrenbeste hazteko. LABek egitasmoa gelditzeko eta "euskal gizarteari zuzenean" galdetzeko eskatu dio Ibarretxeri.

2008ko otsailaren 7a
18:05
Entzun
Nuria Lopez Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuaren ustez, Abiadura Handiko Trenarekin (AHT) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan trenaren bidezko merkantzia garraiatzeko gaitasuna %200 haziko da. Beste trenbideen "hobekuntzak" direla-eta (EuskoTren, Renfe, Feve), horrenbeste haziko da merkantzia garraiatzeko ahalmena, Gereñuk esan duenez. "Beraz, hamar, hamabi, hamabost urteko epean, %400".

Eta beste datu bat eman du: urtero 800.000 kamioik garraiatzen duten zama dela hori. "Horrek ez du esan nahi 800.000 kamioi desagertuko direnik errepideetatik, baina haiek eramaten duten zama trenaren bidez eraman ahal izango da".

Epe ertainera merkantzien %10 trenez garraiatzea da Jaurlaritzaren helburua, Eusko Trenbide Sareak eta biek gaur aurkeztu duten txosten baten arabera.

LABen gutuna Ibarretxeri

Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari dei egin dio AHTko lanak "gelditzeko" eta "euskal gizarteari zuzenean" galdetzeko. Egitasmoak bederatzi mila milioi euroko aurrekontua duela dio LABek eta horrek "gastu sozialeko beste partidak hipotekatu" egingo dituela.

Hala, Ibarretxeri gutun bat helarazi dio Diezek. "Euskal gizartearen protagonismorik gabe eta eztabaidarik gabe martxan jarri nahi dute egitasmoa, eta horrek kezka eragiten digu", adierazi du LABeko buruak. Sindikatuko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Gasteizen AHTren "inposaketaren" kontra.

Zapateroren abisua "saboteatzaileei"

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak gaur esan du AHTko lanek aurrera segituko dutela, "Euskadiren etorkizun ekonomikorako lan garrantzitsuak direlako", eta "proiektuaren saboteatzaileek" ez dutela ezer lortuko adierazi du. "Sabotaje" saioen aurrean, "segurtasun neurriak" hartzen ari direla jakinarazi du Zapaterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.