Jaurlaritzak dio eskaria asetzeko 100.000 etxe beharko direla hurrengo hamarkadan

«Kontuzko egoerari» aurre egiteko hiri lurzoruetan etxe gehiago eraiki behar direla dio Etxebizitza Sailak

Erredakzioa
2007ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Etxebizitza bakoitzean bizi direnen zenbatekoak behera egin du, eta etxebizitza eskariak gora egin du. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak aurkeztu berri duen txostenaren arabera, hurrengo hamarkadan 100.000 etxebizitza beharko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren eskariari erantzuteko.

Izan ere, Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Javier Deanek atzo aurkeztu zuen txostenaren arabera, ohiko familia eredua desagertzen ari da Euskal Herrian. Alegia, aita-amak, aitona-amonak eta seme-alabak biltzen zituen ereduaren aldean, gora egin dute umerik ez duten edo ume bakarra duten bikoteen familia ereduak, baita ezkongabeen eta guraso bakarren ereduek ere. Hala, 1991 eta 2005 bitartean etxebizitza batean bizi zirenen ratioak nabarmen egin du behera, hain zuzen 3,3tik 2,6ra.

Fenomeno horrekin batera, Etxebizitza Sailaren txostenaren arabera, euskal herritarren bizi itxaropena handitu egin da, eta ondorioz etxebizitzak denbora gehiagoz okupatzen dituzte jabeek. Izan ere, 1991. urtean bizi itxaropena 77,13 urtekoa zen eta 2003. urtean 80,37 urtekoa.

Halaber, Deanek adierazi zuenez, gurasoen etxetik euren etxera joan nahi duten gazteen kopuruak gora egin du azken urteotan, eta une honetan etxebizitzaren eskaeraren %73 gazteak dira. Gainera, dibortzioen eta banaketen zenbatekoak gora egin duela azaldu zuen Deanek, hain zuzen 20.000tik 40.000ra, eta horrek etxebizitza eskarian eragin zuzena duela nabarmendu zuen.

Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ondorioztatu du datozen 15 urteetan 190.000 etxebizitza eraiki beharko direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Europako beste herrialde batzuetan bezala, etxebizitza bakoitzean bizi den lagunen kopuruak behera egingo duela aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak eta eskaera handituko dela. Horrenbestez, hurrengo hamarkadan 85.000 etxebizitza eraiki beharko dira. Biztanle kopurua handituko dela kontuan hartuta, guztira, 100.000 etxebizitza beharko dira», esan zuen Deanek.



ALTERNATIBAK ZEHAZTU DITUZTE. Datu horiek guztiak kontuan hartuta, etxebizitzarena «kontuzko egoera» dela esan zuen Etxebizitza sailburuordeak, eta gizartearen beharretara erantzuteko behar bezalako neurriak abiatuko dituztela azaldu zuen. Gainera, Eusko Legebiltzarrak duela hilabete gutxi onartu zuen Lurzoruaren Legeak halako neurriak hartzea bermatzen duela azpimarratu zuen Deanek.

Egoerari erantzuteko, ezinbestekotzat jo zuen Deanek lurzoruaren erabilera optimizatzea eta etxebizitza dentsitatea handitzea. «Etxebizitza bakoitzean lagun gutxiago biziko direla jakinda, lurzoruaren erabilerak intentsiboa izan behar du, etxebizitza gehiago eraiki behar dira hiri lurzoruetan, eta etxebizitza horien batez besteko azalera txikiagoa izan behar da», esan zuen Deanek.

Bestetik, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 2007 eta 2010 urte bitartean babes ofizialeko 25.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela adierazi zuen sailburuordeak, eta halaber Bizigune programaren bitartez hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko ahaleginak biderkatuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.