Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak aitortu du Bizkaiko Itsasoan hidrokarburoak bilatzeko egitasmoak bertan behera utzi dituztela, oraingoz haien ustiapena ez delako errentagarria. Fulmar eta Pelikano proiektuek aurrera egin zezaten Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euroko laguntzak eman dizkio Repsoli —zundaketen enpresa arduraduna—, eta bederatzi urteko tramitazioa egin dute. Azkenean Industria Ministerioak berak eten ditu proiektuak, sustatzaileek eskatutako baimenen luzapenari uko eginda.
Fulmar zundaketa Elantxobetik hamasei kilometrora egin dute eta Pelikano Bermeotik 22ra. Zundaketak 4.000 metroko sakoneran egitekoak ziren Fulmar proiektuaren kasuan, eta 3.500ekoan Pelikanoren kasuan. Proiektuen inguruan hitz egin du gaur Bilbon Tapiak, eta aitortu du mundu osoan moteltzen ari direla gasa eta petrolioaren ustiaketa bideratzeko inbertsioak. Hain zuzen ere, azpimarratu du ur sakonetan egin beharreko proiektuak direla eta teknikoki oso zailak. Edonola ere, Tapiak adierazi du karbono gabeko gizarte baterako trantsizioan oraindik beharrezkoa dela gasa, bere aburuz ez baitago energia berriztagarriekin bakarrik funtzionatzerik.
Repsol 2008an hasi zen ikerketa Elantxobe eta Bermeo parean 600 milioi metro kubo gas inguru egon zitezkeela kalkulatu ondoren. Jaurlaritzak bat egin zuen proiektuarekin eta hasiera batean eskubideen %30a erosi zuen. Alabaina, handik gutxira erdira jaitsi zuen ekarpena, arrisku dezenteko operazioa zela aurreikusita. Espainiako Industria Ministerioak 2014an eman zien ingurumen baimena bi proiektuei.